Tokikom jardunaldiek euskal hiztun komunitatearen komunikazio beharrak aztertuko ditu ekainaren 15ean, Arrasaten

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 mayo 2012 15:52

DONOSTIA 25 May. (EUROPA PRESS) -

Tokikomek eta Topaguneak Tokikom jardunaldia antolatu du ekainaren 15erako Arrasaten (Gipuzkoa), "Zer egitura komunikatibo behar du euskal hiztun komunitateak?" galderari erantzuten saiatzeko asmoz. Gogoeta teoriko-praktikoa egin nahi dute, Euskal Herriko zein kanpoko aditu eta arituen eskutik.

Jardunaldiaren antolatzaileen arabera, azken hamarkadan, "aldaketa erraldoiak" gertatzen ari dira hedabideen alorrean. Interneten hedapenak goitik behera aldatu ditu informazioa kontsumitzeko ohiturak, eta horrek eskaintza egokitzeko beharra ekarri du.

Hedabide analogikoetatik digitaletarako trantsizio garai honetan, medioek errentabilizatzeko zailtasun handiak dituzte, horren azkar aldatzen ari den kontestura egokitzeko formula aurkitu ezinik. Hori gutxi balitz, krisi ekonomikoak ere publizitate inbertsioaren beherakada nabarmena ekarri du, orain arteko diru iturririk nagusiena kolokan jarriz.

Euskal hedabideek ere zuzen-zuzenean paraitu dituzte krisi zein globalizazioaren ondorioak, haien problematika bereziari gehitu zaizkionak: atomizazioa, merkatu mugatua, erdarazko egitura handiekin lehiatu beharra. Testuinguru horretan, euskal hedabideak elkarlaneko dinamika batean murgildu dira berriki, etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta estrategiak elkarrekin garatzeko. "Zailtasunak zailtasun, une zirraragarri eta itxaropentsuak bizi dira gaur egun sektorean", adierazi dute.

Tokiko hedabideak ere sendo ari dira aldaketa garaiari aurre egiten. Hasteko eta behin, Tokikom sortu zuten 2009an, marka bateratu gisa. 2012an, berriz, marka hori edukiz hornitu eta azpisektorearen ordezkari bilakatzen ari den Tokikom enpresa sortzea erabaki dute, tokiko hedabideen esparru komunak, solaskidetza bateratua eta integrazio bideak kudeatzeko.

Contenido patrocinado