DONOSTIA 2016KO EUROPAKO KULTUR HIRIBURUA
DONOSTIA 25 May. (EUROPA PRESS) -
Tolosa-Donostia 2016 Nazioarteko Txotxongiloen Elkarteak lau urtetik behin antolatzen duen Txotxongiloaren Munduko Biltzar eta Jaialdia 2016an hartzeko hiri hautagaietako bat da, eta datorren ostegunean, maiatzaren 31n, jakingo du ekitaldi horren egoitza bihurtuko ote den.
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (TOPIC) eta DSS2016EU dira hautagaitza prestatu eta sustatu duten bi bazkideak, UNIMA Federación Españarekin batera eta Tolosako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Tolosa-Donostiak Errusiako Ekaterimburgo hiriarekin bakarrik lehiatu beharko du azkenean, orain dela aste batzuk Oulu hiri suediarrak bere hautagaitzari uko egin baitzion.
Tolosa-Donostia 2016 hautagaitza Chengdun (Txina), aurten
Txotxongiloaren Munduko Kongresu eta Jaialdiaren egoitza den hirian, defendatzeaz arduratuko den ordezkaritza honakoek osatuko dute: Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzaren kultura sailburuak; Aitzpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak; Igor Otxoa, Donostia 2016ren proiektu-zuzendariak; Ibai Iriarte, Tolosako alkateak; eta Idoia Otegi, TOPICaren zuzendarikide eta UNIMA Federación Españaren presidenteak.
Egoitza izan nahi duten bi hiriek defentsa egin ostean, Nazioarteko Txotxongiloen Elkarteko kide diren eta hainbat herrialdetatik datozen 200 aholkulari baino gehiagok hautagairik onena aukeratuko dute. Boto gehien jasoko dituen hiria izango da irabazle izendatuko dutena eta, beraz, 2016ko Txotxongiloen Munduko Biltzar eta Jaialdia hartuko duena.
"HAUTAGAITZA SENDOA"
Bere arduradunek nabarmendu dutenez, Tolosa-Donostia "hautagaitza sendoa" da 2016ko Txotxongiloen Munduko Biltzar eta Jaialdia hartzeko, batez ere, hautagaitzaren atzean dauden bi bazkideek, TOPICak eta DSS2016EUk, oinarrizko zenbait balio partekatzen dituztelako, hots, elkarbizitza pertsona ezberdinen artean, bakearen kultura eta hezkuntza gizartearen eraldaketa bultzatzeko lanabes gisa.
Bide horretan, guztiz ezinbestekoa izan da Titirijai Jaialdiak 30 urtetan garatu duen eta 2009tik aurrera TOPICak indartu duen esperientzia pedagogikoa eta kultur arloko lana, hori guztia bultzada izugarria izan baita komunitatearen integraziorako. Izan ere, txotxongiloa, hezkuntza-tradiziorik onenean, gaur egungo zein iraganeko gatazkak komunikatzeko eta horien inguruan hezteko lanabes bikaina baita.
TOPICak bere historia osoan lortu du jatorri, baldintza eta hizkuntza ezberdineko lagunak txotxongilo-ipuinen inguruan elkartzea: guztira, 45 herrialdetako 600 konpainia baino gehiago izan dira bere egoitzan. Nazioarteko esparruan izandako esperientzia zabal horri esker, TOPIC mundu mailako gune erreferente bilakatu da eta irekita dago txotxongiloen artea, bere forma guztietan, garatu, hedatu eta perfekzionatzea helburu duen orori.
Halaber, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburua izango da eta, hortaz, kultur bultzada horrek turismoarentzat erakargarriago egingo du gunea eta Txotxongiloaren Munduko Biltzarrera bisita gehiago egongo dira.
HAUTAGAITZAREN PROPOSAMENA
Tolosa-Donostia 2016 hautagaitzak hitzen jolasean aritzeko istorioak asmatzea proposatzen du, eta gure ahotsak mugez haraindi hedatzea, jakinik euskarak hizkuntza gutxituen artean nazioartean lidergoa daramala.
Euskal hautagaitzak, 2016ko ekitaldia baino urte batzuk lehenago, 2013an hasita garatzen hasiko liratekeen beste zenbait ekintza ere antolatuko lituzke, adibidez: "Altzoko Handia" txotxongiloen musika-ipuina, DSS2016EUren Hautagaitza-proiektuaren parte dena; hondartzetan Surfrider Foundation Europekin batera jasotako hondakinekin txotxongiloak egitea; eta txotxongilo emanaldi bat koproduzitzea konpainia euskaldun batekin eta beste poloniar batekin, eta 2016ko
Europako Kultur Hiriburu izango diren bi hirietan, Wroclawen eta Donostian, estreinatzea.
Tolosa-Donostia irabazle bada, munduko bost kontineetatik etorritako 50-60 bat konpainia jasotzea espero du. Jaialdiak berritasuna eta kalitatea hobetsiko ditu beste ezeren gainetik, eta
helburu izango du konpainia gazte eta hasiberriei aukerak ematea, ideia berri eta berritzaileak ekar ditzaten eta txotxongiloen artea ikuspegi ireki eta zabal batetik lan dezaten.