Tony Allen 365 Jazz Bilbao zikloan izango da martxoaren 11n

Tony Allen
Foto: 365 JAZZ BILBAO
Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 14:56

BILBO, 5(EUROPA PRESS)

   Tony Allen afrobeat bateria jotzaile ospetsuak kontzertua eskainiko du martxoaren 11n, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen 365 Jazz Bilbao zikloaren zortzigarren denboraldiaren baitan, Bilboko Campos Elíseos antzokian. Kontzertua iluntzeko 20:00etan hasiko da eta sarrerak 6 euro balioko du

   Nigeriako musikariak ekarri zituen Afrikako erritmoek pop musikaren etorkizuna aldatu zuten, eta 50 urteko ibilbidean kontinente osoko ikuspegi musikala goitik behera aldatu du, nazioarteko behin betiko onarpena eskuratu baino lehen, Bilbao 700 Fundazioak jakinarazi duenez.

   Tony Oladipo Allen (Lagos, 1949) Afrikako perkusio tradizionalera hurbildu zen Nigeriako irrati nazionalean teknikari lanetan zebilenean, eta orduan interesatu zen zuzenean bateriaren inguruan. Benetako autodidakta da, eta teknika berri bat asmatu zuen Art Blakey eta Max Roachen diskoak entzuten.

   1960ko hamarkadaren erdian Fela Anikulapo Kuti ezagutu zuen. Hura Ingalaterratik etorri berria zen Trinity College of Music eskolako diplomarekin, eta goitik behera aldatu zuen Tony Allenen patua. Bien arteko lankidetza luzea eta oparoa Koola Lobitos taldean hasi zen. Gero, Afrikako musikarentzat erabakigarria izan zen norabide berria hartu zuen eta afrobeat musikaren hazia erein zuen. Estilo iraultzaile horrek yoruba erritmoak, funk instrumentala, teoria panamerikanistak eta Black Panthers taldearen erretorika uztartzen ditu.

   Tony Allenen gainerako ibilbidean izan dira jatorrizko afrobeat estiloari zion leialtasuna eta norabide anitzeko emantzipazioa: dub-etik pop-era, space jazz-etik igarota. Bere ibilbide luzean eszena independenteko artistekin aritu izan da, hala nola Charlotte Gainsbourg, Sébastian Tellier, The Parrish, Randy Weston, Grace Jones edo Joe Lovano.

   Musikari nigeriarrarena 365 Jazz Bilbao zikloaren aurtengo bigarren kontzertua da, otsailaren 11n Zara McFarlane abeslari ingelesarenaren ostean. Ondoren etorriko dira Manu Katché perkusionista eta konpositore frantsesa (martxoaren 31n), Jane Monheit abeslari estatubatuarra (maiatzaren 5ean) eta Christian McBride Philadelphiako (AEB) baxu jotzaile birtuosoa (ekainaren 2an).