Topaguneak "Euskara aniztasunean" jardunaldia egingo du bihar Durangon

Actualizado: lunes, 24 enero 2011 13:52

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak "Euskara aniztasunean" jardunaldia egingo du bihar, Durangoko (Bizkaia) Landako Elkartegian. Helburu nagusia egungo testuinguru eleanitzean euskarak duen eta izan beharko lukeen tokiaz hausnartzea da, eta alor horretan garatzen ari diren esperientzien berri ere emango da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egoera soziolinguistikoa aldatu egin da, eta hizkuntza-aniztasun errealitate baten aurrean gaude. Horregatik, egoera horretan euskarak duen eta izan beharko lukeen tokiaz hausnarketa bultzatzea du helburu jardunaldiak. "Izan ere, gure herrietan bi hizkuntza egiten ziren denborak atzean geratu dira, eta hizkuntza ugari hitz egiten dira orain", azaldu dute.

Horrela, guztion arteko komunikazio eta kohesio-hizkuntza euskara ote den galderari erantzuten saiatuko dira jardunaldian, bai eta zein bide egin den norabide horretan eta zein bide berri jorratu beharko liratekeen ere.

Horretarako, maila akademiko handiko hizlariak, ikerketa berriak, martxan dauden esperientziak, norbanakoen bizipenak eta aurrera begirako estrategiak bilduko ditu jardunaldiak.