Topaguneak "Euskarak 365 Egun" abiaraziko du aurten ere

Actualizado: viernes, 27 noviembre 2015 14:19

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaleen Topaguneak "Euskarak 365 Egun" ekimena jarri du martxan beste urte batez, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan. Herriz herri euskaltzaleen elkarteek eta herriko euskalgintzako eragileek antolatutako ekitaldiak izango dira ekimenaren ardatza eta horrekin batera, kanpaina jarri da martxan Euskal Herriko eskualde ezberdinetan. Lehen ekitaldia Iruñean oizango da, larunbatean, azaroaren 28an, Iruñerriko euskaltzaleen elkarteak antolaturiko ekitaldi eta soka dantza emanaldiarekin.

   Bere arduradunek adierazi dutenez, aurtengo ekimenaren leloa "ErabiZi" da. Euskaraz bizitzeko hautua egiteko deia egin nahi da kanpainaren bidez eta, horretarako, "bakoitzak bere errealitatetik eta egoeratik asko egin dezakeela" azpimarratu nahi du euskaltzaleen mugimenduak. "Egunerokoan hartzen diren erabaki eta hautuetatik euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko espazioak sortzearen alde egin nahi da horrela", azaldu dute.

   Urtero modura, ekimenaren bidez, Euskaltzaleen Topaguneak urte osoan egiten duen lanaren aldarrikapena egin nahi da, bai eta "egunero egunero euskaraz aritzeko guneak eta aukerak sortzen diharduten euskaltzaleei aitorpena egin ere".

   Ekimenaren baitan Euskal Herriko hainbat herritan hurrengo egunetan egingo diren ekitaldietan mezu bateratu bat irakurriko da, "Erabili, bizi, erabizi" izenburua izango duen mezua.

   "Euskarak 365 Egun" ekimenera Tokikom toki komunikabideen elkartea ere gehitu da eta abenduaren 3an hainbat toki aldizkarik ale berezia argitaratuko dute. Ekimenaren koordinazio lana egiten duen Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 euskaltzaleen elkartek osatzen dute.