Toshio Hosokawa japoniarraren bi lan aurkeztuko ditu EOSek datorren astean

Toshio Hosokawa
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Actualizado: viernes, 5 mayo 2017 11:50

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) japoniar musika garaikidea izango du hizpide datorren astean eta, Jun Märkle zuzendari titularraren zuzendaritzapean, Toshio Hosokawa japoniarraren "Klage" eta "Autumn Wind" interpretatuko ditu bonu denboraldiaren baitan. Japonian ez ezik, "mundu mailan ere konpositore nabarmenetakoa" da Hosokawa, euskal orkestrak jakinarazi duenez.

Gainera, Hosokawa bera EOSek emango dituen kontzertuetako batzuetan izango da datorren astean, baita Naxos diskoetxearekin lankidetzan argitaratuko den diskorako egingo den bi lan horien grabazioetan ere. EOSek denboraldi honetan Donostia 2016ren eta Eu Japan Fest erakundearen laguntzarekin gauzatzen ari den Hosokawa Proiektuaren baitan kokatzen da konpositore japoniarrari omenaldia.

Horrela, Donostian (maiatzaren 8an eta 12an) eta Bilbon (maiatzaren 12an), Hosokawaren lan sinfonikoen artean berrienetako bat joko du EOSek: mezzosoprano eta orkestrarako "Klage". Hosokawaren musika "isiltasunetik abiatzen den meditazio modu" gisa definitzen dute batzuk, eta, "soinuaren ugalketa progresiboaren ondoren, isiltasunera itzultzen da, deseginez". Egitura hori da, hain zuzen ere, "Klage" piezan ikus daitekeena.

Obraren muinean daude Georg Trakl austriarraren poesia bat eta argazki bat. Argazkian ama bat agertzen da, bere semearen gorpua bilatzen ur ertzan, 2011ko martxoko tsunamiaren ondoren. Irudi horretatik eta Tracklen testutik abiatuta, Hosokawak "ama horrek bere min sakona kantu bihurtu eta osatzeko lana idatzi" nahi izan zuen.

Traklen testuak Mihoko Fujimurak abestuko ditu. Japoniako abeslaririk onenetakoa eta mezzosoprano wagneriar ospetsua da Fujimura. Askotan abestu du Hosokawaren partitura hori, 2015ean lehen aldiz kantatu zuenetik.

"AUTUMN WIND"

Bestalde, Iruñean (maiatzak 9) eta Gasteizen (maiatzak 11), EOSek Hosokawaren beste lan bat interpretatuko du: 2011n orkestra eta shakuhachirako idatzi zuen "Autumn Wind". "Munduko soinuei eta, bereziki, naturakoei erreparatu eta modu estilizatuan mihise gisa erabiltzen ditu, gainean tresna bakarlariaren soinu kaligrafia jartzeko", adierazi dute EOSetik.

Instrumentu hori shakuhachia da, japoniar banbuzko flauta, soinu puruenetatik hasi eta aire zarata bortitzenak ere egin ditzakeen adierazpen handiko tresna. Hosokawaren esanetan, "shakuhachiak gizakia adierazten du eta orkestrak, gizakiaz gain, barnean dagoen natura eta unibertsoa".

Tadashi Tajima bakarlari gisa ariko da EOSen kontzertuetan. Japoniako shakuhachiren interprete nagusienetako bat da. Katsuya Yokoyama handiaren ikasle nabarmena izan zen. Errepertorio tradizionala defendatzeaz gain, Tadashi Tajimak shakuhachia musika garaikideari hurbiltzea aldarrikatu du.

Egitaraua osatzeko, F. Martinen "Concerto for Seven Winds" eta Brahmsen 4. Sinfonia entzun ahalko dira lau hiriburuetan. Kontzertuen aurretik, ikasketa maila ezberdinetako 300 ikasle bilduko dira Brahmsen 4. Sinfoniaren entseguan.