Trafiko istripuen ikerketako nazioarteko adituak bilduko dira aste honetan Erandion

Istripu bat
112 - Archivo
Actualizado: martes, 25 septiembre 2018 14:11

BILBO, 25 Sep. (EUROPA PRESS) -

Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sarearen barruan trafiko istripuen ikerketan espezializatuta dagoen lantaldearen urteko bilera egingo da aste honetan Erandion (Bizkaia), Ertzaintzak antolatuta. "Teknologia berriak eta trafiko istripuen ikerketa" izenburupean, 20 auzitegi eta polizia profesional inguruk eta enpresa teknologikoetako ordezkariek ikerketa kriminalaren esparru horren inguruko ezagutzak eta aurrerapenak partekatuko dituzte.

Topaketa ostegunean eta ostiralean egingo da, irailaren 27an eta 28an, Ertzaintzako Erandioko egoitza nagusian, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inauguratuko du. Bi egunetan, Espainia, Frantzia, Kroazia, Lituania, Letonia, Errumania eta Georgiako adituak bilduko dira. Gainera, Euskadin errepideko ezbeharrei buruzko ikerketak egiten dituzten udaltzaingoak, Trafikoko Guardia Zibila, Mossos d'Esquadra eta Nafarroako Foruzaingoa ere gonbidatu dituzte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bileraren helburu nagusia da auzitegi laborategietako profesionalen eta enpresa teknologikoen arteko elkargunea izatea, forentseek eta poliziek errepideko istripuen ikerketan dituzten premiak eta enpresa horiek egin ditzaketen aurrerapenak aztertzeko.

Jardunaldietan parte hartuko duten hizlarien artean daude Lina Lizrenko Lituaniako Auzitegi Zientzietako Zentrokoa eta Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sareko Lantaldeko idazkaria, Jakub Zebala Poloniako Auzitegi Ikerketako Institutukoa eta Manuel Santos López Ertzaintzako Ikerketa Kriminalaren Ataleko Istripuen Ikerketa eta Berreraikuntza Unitateko arduraduna. Enpresen aldetik, berriz, AEBetako FARO eta eCaptured3D, Kanariar Irletako STIF edo Galiziako ISVeko ordezkariek hartuko dute parte.