Trafiko Zuzendaritzak 469.000 joan-etorri espero ditu Aste Santuan EAEko errepideetan

Aste Santuko zirkulazio operazioaren berri eman du Jaurlaritzak
Europa Press
Actualizado: viernes, 7 abril 2017 14:16

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren zenbatespenen arabera, apirilaren 12tik 17ra bitartean, batez beste, 469.000 joan-etorri egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan, aurreko urteko Aste Santuan baino %5 gehiago. Ertzaintzaren trafikoko 200 ertzainek zainduko dute errepide nagusietako trafikoa.

Sonia Diez de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak ostiral honetan azaldu ditu Bilbon eskainitako prentsaurrekoan datorren asteazkenean abian jarriko den operazio bereziaren nondik norakoak.

Trafiko Zuzendaritzak "Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen" kontzientziazio kanpainarekin jarraituko duela esan du Diaz de Corcuerak, "garrantzitsua baita bide segurtasuna arriskuan jarriko duen arriskurik ez dela hartu behar azpimarratzea".

Arreta galtzeak eta abiadura desegokiak arrisku handia eragiten dutela. Esaterako, gehiegizko abiadura istripuen %25en arrazoi nagusia da. Iaz izapidetutako 291.300 salaketetatik 215.790 baimendutako abiadura mugak gainditzeagatik izapidetu ziren (170.905 radar finkoen bidez erregistratu ziren eta 44.885 radar mugikorren bidez).

Iazko Aste Santuko trafiko intentsitateari buruzko datuak aztertu ondoren egindako zenbatespenen arabera, intentsitaterik handiena hiru puntutan aurreikusten da: A-8an, Kantabriako mugan; AP-8an, Biriatouko ordainlekuan; AP-1ek A-1ekin bat egiten duen puntuan, Armiñongo lotunean.

Kantabriako mugan zirkulazio intentsitate handia izaten da Ostegun Santu bezperan, arratsaldeko 15:00etatik 21:00etara bitartean, eta Ostegun Santu goizean, 09:00etatik 15:00etara bitartean. Bilborako noranzkoan itzulera Pazkoa Astelehenean izaten da, 13:00etatik 21:00etara bitartean, baina azken urteotan ez da auto ilara handirik sortu Bizkaian.

AP-8an, Biriatouko ordainlekuan (Frantziako noranzkoan), egunik zailena Ostegun Santua izaten da, goizean, baina iaz, mugan jarritako kontrolen ondorioz, asteazken arratsaldean sortu ziren lehenengo auto ilarak, eta ostegun goizean berriz sortu ziren, eta bi kasuetan Irungo ordainlekua gainditu zuten. Bestalde, Pazko Astelehena jaieguna da Frantzian eta Donostiako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa geldoa izan ohi da ostiralean eta larunbatean.

ARMIÑON

Arreta berezia eskatzen duen hirugarren gunea Armiñongo lotunea da, eta bertan auto ilarak sor daitezke A-1etik AP-1era sartzeko puntuan, hiru erreietatik errei bakarrera pasatzean. Zirkulazio dentsitaterik handiena izaten da asteazkenean, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, 08:00etatik 14:30era.

Itzulera fasea Pazkoa Astelehenean izaten da, baina ez da auto-ilara esanguratsurik sortzen, Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Miñoiekin eta Europistas enpresarekin (AP-1) koordinatuta antolatutako seinalizazio dispositibo bereziari esker.

Ezbehar tasari dagokionez, Aste Santuan, duela hainbat urtetik, behera egin dute istripuek eta istripuetan hildako eta zauritutako pertsonen kopuruak. 2012an, esate baterako, bi pertsona hil ziren istripuz (Araban), eta 123 istripu izan ziren guztira. Azken lau urteetan ez da hildakorik izan eta behera egin dute istripuek Aste Santuan (107, 100, 99 eta 73, hurrenez hurren). Zauri larriak nahiz arinak izan dituztenen kopuruak ere behera egin du.