Trafiko Zuzendaritzak asteburuko ibilgailu dentsitatea saihesteko protokoloa abian jarri du

Auto pilaketak
Europa Press
Actualizado: viernes, 22 julio 2016 11:16

BILBO, 22  (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak asteburu honetako ibilgailu dentsitatea saihesteko protokoloa abian jarri du, aurreikuspenen arabera, euskal errepideetan trafiko dentsitate handia espero delako ostiral honetatik datorren astelehenera, jaieguna delako, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Trafiko Zuzendaritzaren arabera, udako oporretako joan-etorri gehienak metatzen dira nagusiki uztaileko asken astean eta abuztuko lehenean. Horregatik, Segurtasun Sailak hainbat bilera egin ditu sektoreko zenbait erakunderekin eta eragilerekin, Frantziako Jendarmeriaren kontrolek Biriatuko pasabidean izan zezaketen eragina txikiagotzen saiatzeko.

Horrela, Bidegirekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostu da Biriatuko ordainsariaren aurreko tartean kamioiek aurrera dezaten debekatzeko seinaleztapena jartzea. Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez adierazi duenez, "positiboa" ari da izaten udako lehen aste hauetan Biriatuko auto ilarak arintzea.

Ekainaren 29an hasi zen irteera operazioa, eta Trafikoko zuzendariaren arabera, hainbat erakunderen artean adostu diren protokoloek "behar bezala" funtzionatu dute. "Ibilgailuen kopuruak gora egiten duenean, kabina gehiago zabaltzen ari dira. Protokoloak betetzen jarraitzea espero dugu" gaineratu du.

Ekaineko irteera operazioaren hasierarekin batera, "Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen" kontzientziazio kanpaina jarri zen abian, eta irailera arte mantenduko da. Kanpaina horretan, batez ere, nabarmendu dira alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak eragiten dituen istripuak eta harrapatzeak. Gainera, motorzaleei bereziki zuzendutako irrati iragarkiak ere prestatu dira. Gaur arte, 2016. urtean, trafiko istripuetan 23 pertsona hil dira.

GOMENDIOAK

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak bidaiatu aurretik kontuan hartu beharreko gomendioak ezagutzera eman ditu, besteak beste, zirkulazio intentsitate handieneko egunak eta orduak saihestea, ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatzea, pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako garbigailuak eta ispiluak egiaztatzea. Ez da komeni asko jatea bidaia baten aurretik, eta sendagairen bat hartzen ari bagara, gidatzearen gaineko efekturik ez duela ziurtatu beharko dugu.

Behin errepidean, trafiko zuzendaritzak gomendatzen du inguruabarretara eta zirkulatzen ari garen bidera abiadura egokitzea, eta zirkulazioaren erregulazioaz arduratzen diren Ertzaintzako agenteen adierazpenei jarraitzea.

Segurtasun tarteak mantendu beharko direla ere gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak, eta bi orduan behin, gutxi gorabehera, atsedena hartzea. Gainera, "garrantzi handikoa" da errepidea gurekin partekatzen dutenekin errespetuz jokatzea, zuhurtasunez gidatzea eta pazientzia izatea. Azkenik, garrantzitsuena da ondo iristea eta ez noiz iristen den.