Trapagarango Itxaropena ikastolak lehiaketa antolatu du 2012ko Ibilaldiko kanta aukeratzeko

Trapagarango Itxaropena ikastola
IBILALDIA.COM
Actualizado: viernes, 16 diciembre 2011 13:21

BILBO, 16 Dic. (EUROPA PRESS) -

Trapagarango Itxaropena ikastolak musika sortzaileei zuzendutako lehiaketa jarri du abian 2012ko maiatzaren 27an ospatuko den Ibilaldiaren abestia egin dezaten. Urtarrilaren 12an amaituko da kantak aurkezteko epea, ikastola bizkaitarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Nazioarteko lehiaketa izango da eta edozein artista, talde edo bakarlarik har dezake parte. Lehian sartuko diren abestiak argitaletxe-kontraturik gabekoak izan beharko dute. Edozein musika estiloko abestiak onartuko dira, baina nahitaezkoa da gutxienez ordu erdiko euskarazko errepertorioa izatea.

Lehiaketan parte hartuko duen abestiaren letra euskaraz idatzi eta abestu behar da, gainera, nahitaez, "ikastola" eta "Ibilaldia" hitzak agertu beharko dira. Horrez gain, "Itxaropena" edo "Trapagaran" hitzen aipamenen bat agertzea hobetsiko da.

Talde eta bakarlariek, posta bidez, ikastolara bidaliko dituzte abestia CD formatu digitalean, www.ibilaldia.net orrialdean eskegita egongo den izen-emate orria eta talde edo bakarlariaren argazkia. Bidaltzen den gutunazalean "Ibilaldia 2012 Abesti Lehiaketa" agertzea eskatu dute antolatzaileek.

Aurkeztu eta jasotako lan guztietatik, gehienez ere, bost abesti hautatuko ditu Ibilaldia 2012 antolatzeaz arduratzen den Itxaropena ikastolako epaimahaiak. Ondoren, www.ibilaldia.net web-orrian argitaratuko dira eta sare sozialen bidez edota webgunean bertan herri-bozketa irekia egingo da irabazlea nor den jakiteko. Irabazleak Trapagaranen 2012ko Ibilaldia ospatzen den egunean gutxienez kontzertu bat eskaintzeko aukera izango du, beti ere hala nahi izatekotan.

Bozkatzeko epea amaitu eta gehienez jota hamar egunera irabazleen izena ezagutaraztera emango dute Itxaropena ikastolako ordezkariek. www.ibilaldia.net web-orrialdean eta Ibilaldia 2012k dituen sare sozialetan ezagutarazteaz gain, antolatzaileek idatziz edo telefonoz jakinaraziko diote irabazleari.