Trenbide-instalazio eta geltokietako argindar-kontsumoa %10 jaitsiko da EAEn bi urtean

Actualizado: viernes, 20 mayo 2011 17:14

DONOSTIA, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) presidenteak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) presidenteak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) trenbide-instalazioaren energia-eraginkortasuna hobetzeko hitzarmena sinatu dute gaur Donostian. Hitzarmenaren asmoetako bat da bi urtean trenbide-instalazioetako eta geltokietako argindar-kontsumoa %10 inguru jaistea.

Horrela, EEE-k eta ETS-k elkarrekin jardungo dute trenbide-sisteman aplikatzekoak diren energia-iturrien eraginkortasuna hobetzeko eta erabilera optimizatzeko programak analizatu, aztertu, aholkatu eta garatzeko prozesu osoan, hasi proiektua eta planifikazioa egiten denetik eta ustiapenera arte.

Azken finean, Eusko Jaurlaritzaren helburua da trenbide-azpiegiturek energia gutxiago kontsumitzea, eta energia-iturri berriztagarriak erabiliz -plaka fotovoltaiko eta bestelakoekin-, argindarra sortzeko instalazioak jartzea.

Halaber, azpimarratzekoak dira hitzarmenaren beste helburu batzuk: geltokietako eta trenen barruko argien energia-eraginkortasuna hobetzea; tailer eta kotxetegi berrien teilatuak aprobetxatzea, energia berriztagarria sortzeko -esate baterako plaka fotovoltaikoak jarriko dira eguzki-energia lortzeko-; ETSk eraikitzen dituen instalazio berriak energiaren ikuspegitik hobeto diseinatzea; ETSren obra handietarako, energiaren ikuspegitik konponbide egokiena zein den bilatzen ahalegintzea; eta EEEren aholkularitza izatea, energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien instalazioak jartzeko proiektuetarako laguntzak lortu ahal izateko.

Hitzarmena bi urtetarako izango da, baina beste hainbesterako luzatzeko aukera ematen du. Lehenengo bi urteetan trenbide-instalazio eta geltokietako argindar-kontsumoan %10 inguru aurreztea espero da, hau da, urtean 60.000 eta 70.000 euro artean.

Sortuko den batzorde teknikoak behar diren ekintza guztiak planifikatu eta programatuko ditu, eta jarduera-plan bat zehaztu eta proposatuko du. Jarduera-plana ez ezik, trenbide-sisteman energiaren kudeaketa hobetzeko I+G+b motako garapen-programak eta ETSko langileen prestakuntzarako programak proposatuko ditu.