Turismoaren Mundu Erakundearen Kontseilu Betearazlea Donostian bilduko da, maiatzaren 23tik 25era

Actualizado 2018/02/12 15:14:04 CET

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Turismoaren Mundu Erakundearen 108. Kontseilu Betearazlearen bilera Donostian egiteko lankidetza protokoloa sinatu dute astelehen honetan, Bilbon, Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Alvaro Nadal Espainiako Gobernuko Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministroak. Turismoaren eremuko herrialderik indartsuenetako 300 agintari eta ordezkari inguru bilduko dira Donostian maiatzaren 23tik 25era.

Turismoaren Mundu Erakundea (TME) 1974. urtean sortu zen, eta guztiontzako turismo arduratsu eta iraunkorra sustatzeaz arduratzen den NBEren erakundea da. Batzar Nagusia (158 herrialde biltzen ditu), Kontseilu Betearazlea (35 herrialde) eta Idazkaritza Nagusia dira bere gobernu organoak.

Horrela, Kontseilu Betearazlearen hurrengo bilera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egingo da, Nadalen eta Retortilloren sinadurarekin ofizializatu denez. Espainia TMEren egoitza iraunkorra da, eta, horregatik, Kontseilu Betearazlean eserleku iraunkorra izateaz gain, bere bileren egoitzen izendapenean parte hartzen du. 2017ko ekainean, Espainiako Turismoko Idazkaritza harremanetan hasi zen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin, Kontseilu Betearazlearen 2018ko lehen bilera antolatzeko aukera eskaintzeko.

Ildo horretan, Kontseilu Betearazlearen bilera antolatzeko bi erakundeen arteko lankidetza ezartzen duen protokoloa sinatu da astelehen honetan. Gainera, TMEko idazkari nagusi berriarekin egingo den lehen bilera izango da. Idazkari berria Zurab Pololikashvili georgiarra da, eta 2018ko urtarrilaren 1ean hartu zuen kargua.

Retortillok adierazi duenez, kontseiluaren bilera "aukera bikaina da Euskadi eta bertako turismo baliabideak sektoreko herrialde garrantzitsu askotako turismo arloko agintariei erakusteko. Gainera, turismoaren kudeaketari lotu gabeko munduko agintari batzuk ere egongo dira, eta horrek aukera egokia eskainiko du beste harreman interesgarri batzuk ezartzeko".