Turismoari aplikatutako berrikuntza teknologikoak aurkeztu dituzte euskal enpresek Basque eTourism Day egunean

Actualizado: jueves, 4 febrero 2016 13:30

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Basque eTourism Day ospatu da ostegun honetan Bilbon egiten ari den Enter 2016 biltzarrean, eta, bertaratutako 150 pertsona baino gehiagoren aurrean, puntako euskal enpresek turismoari aplikatutako berrikuntza teknologikoak aurkeztu eta euskal teknologiak turismoari eman diezazkiokeen azken aurrerapenak eta berrikuntzak ezagutarazi dituzte.

   Bizkaia Aretoan egin den aurkezpenean Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak nabarmendu duenez, "Euskadiren apustua toki adimentsu eta iraunkor bat lantzea da, bi alderdi horiek maila berean baitira garrantzitsuak gure turismo hazkundeak euskal gizartearen premiei eta gure bisitarien itxaropenei behar bezala erantzuteko unean".

   Bestalde, Nora Sarasola Bilbao Ekintza sozietate publikoko zuzendari nagusiak zerbitzua edo produktua kudeatzeko euskal erakundeek "berrikuntza global eta oso baten alde egiten duten apustu estrategikoaren garrantzia" azpimarratu du, baita Bilbora zein Bizkaira bisitariak erakartzeko prozesuaren eta marketinaren garrantzia ere.

   Enter 2016 biltzarrak puntako euskal enpresa eta korporazioei leku egin die ostegun honetan Basque eTourism Day topaketaren bidez, aukera emanez turismoaren sektoreari aplikatutako aurrerapenak eta proiektuak nazioartean ezagutzera emateko. Gainera, besteak beste, Smart Destination eta eTourism Marketing gaiak jorratuko dira eta teknologia aplikatuarekin zerikusia duten produktu asko erakutsiko dira.

14 KORPORAZIO

   Guztira, 14 euskal korporazio egongo dira egunean zehar proiektuak aurkezten. Bertan, turismo zerbitzuen oinarrizko hornitzaileekin (jatetxeak, landetxeak) integratutako tokiko ekoizleen ekosistema oso baten kudeaketa barne hartzen duten prototipoak garatu dituzte, produktu eta esperientzien agregazio, biltegiratze, prozesatze, banatze eta marketinaren bitartez. Denbora errealean pertsonen kontaketa eta tracking-a egiteko, seinaleztatze digital interaktiboa eskaintzeko, errealitate areagotua edo bisita birtualak egiteko sistemak ezagutzera eman dira.

   Euskadi turismoa egiteko leku gisa sustatzeko, aurrerapen horietako batzuk aplikatu dira lurraldean, besteak beste, Madrilgo Fitur azokan eskainitako bisita birtualak, Getaria eta Zarautzeko baliabide turistikoak aurkezteko egindako sareko aplikazio berritzailea, hurbiltzean informazio adierazgarria erakusten duen gida interaktiboa, eta errealitate areagotuaren bidez egindako Gasteizko Erdi Aroko hirigune historikoaren berreraikitze birtuala.

   Zehazki, ondoko hauek dira Basque eTourism Day egunean proiektuak aurkeztu dituzten erakundeak: Merkatu Interactiva, Dinycon Sistemas, Vicomtech - IK4, Haiko Technologies, Irontec, B&V Apps, Ship Net Premium, Biodit, Egoin, Batura Mobile Solutions, Onity, Tecnalia, Deusto Sistemas eta Turismo Accesible y Deportivo.