Txakolina eta sagardoa protagonista Zallako Frutagintza Estazioaren XXII. Jardunaldian

Jardunaldien bigarren saioa egingo da larunbat honetan
Foto: Bizkaiko Foru Aldundia
Actualizado: viernes, 27 enero 2012 12:22

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Zallako (Bizkaia) Frutagintza Estazioaren XXII. Jardunaldien bigarren saioa egingo da larunbat honetan, urtarrilaren 28an, 10:00etatik 14:00etara, eta ardatzak sagardoa eta txakolina izango dira. Bertan bilduko diren 300 bat ekoizle eta zaleek Upategi Esperimentalaren azterlanak, Bizkaiko txakolina eta sagardoa egiteko erabiltzen den metodologia, mahatsondoan inausteko sistemak, mahatsondoetako agente patogenoak eta tratamendu fitosanitarioak ezagutzeko aukera izango dute. Jardueren egitaraua osatzeko, estazioko upategian txakolina dastatzeko saio bat egingo da.

   Guztira 600 profesional eta zale inguru elkartu dira jada Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak antolatzen dituen topaketa hauetan. Saio bat pasa den larunbatean izan zen, eta bestea, larunbat honetan izango da. Irene Pardo Nekazaritza diputatua ere joango da bigarren saio honetara, zentroaren mendeurrenaren harira. Estazioa eredu-baserri batean dago 1903. urtetik eta, gaur egun, bere instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko prozesuan dago sartuta eta esperimentu berriei ekin die.

   Estazioaren helburuak dira, batetik, Bizkaiko frutagintza eta mahastizaintza aztertu eta hobetzea, eta, bestetik, Bizkaiko Txakolina eta Bizkaiko Sagardoa jatorrizko deiturei eta Frutazainen Elkarteari (Bialka) eta Txakolingileen Elkarteari (Bialtxa) teknologikoki lagundu eta baliabideak eskaintzea.

   Gaur egun zentroak sei hektarea ditu okupatuta fruta-arbola eta mahatsondoekin. Bi eraikin ditu, eta eraikinen barruan honako hauek daude: upategi esperimental bat eta hozkailu handiak, landareak ugaltzeko eta mahatsondoetako gaiak hautatzeko berotegiak eta ureztatzeko instalazioak, estazio meteorologikoa, makinak eta beste elementu batzuk.

   Frutazaintzaren arloan, sagarrondo, madariondo eta kiwiaren barietaterik interesgarrienak aztertzen dira, hainbat txertaka edo mentagai eta formazio-sistema erabilita. Sagardorako sagarrondoari dagokionez, sagardo naturala ekoizteko barietaterik interesgarrienak hautatzen dira, eta lortutako fruta Bizkaiko ongintzako zentroetara eramaten da. Bestetik, ekoizleen kontsulta eta aholkularitza-beharrizanei ere erantzuten zaie.

   Mahastizaintzaren arloan, berriz, bertako barietateen (Hondarribi zuria, Zuri Zerratia, Mune Mehatsa, Berdea Sarie, Hondarribi Beltza eta beste batzuk) klonazio bidezko hautaketa egiten da. Horrez gain, bertako eta kanpotik ekarritako vinifera espezieak ere aztertzen dira, horretarako hainbat mentagai eta formazio-sistema erabilita.

   Aldi berean, barietaten gaitasunari -egingo diren ardoen kalitatean inolako eraginik izan gabe- etekinik handiena ateratzeko aukera ematen duten inausketa-teknikak aztertzen dira. Upategi esperimentalean, txakolina eta sagardoa egiteaz gain, beste ekoizpen batzuk ere aztertzen dira, hala nola, beranduko mahats-bilketak, edota apardunak eta destilatuak. Bestetik, ekoizleen kontsulta eta aholkularitza-beharrizanei ere erantzuten zaie.

ZENTROA HOBETZEN

   Egun, zentroa instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko prozesu batean dago sartuta eta mahasti eta fruta-arboletan lan berriak egiten hasi da. Aipagarriena, instalazioen hobekuntza da.

   Bestetik, fruta-arboletan, espezie eta barietate berriak sartu dira, mahastiaren barietate ziurtatuak biderkatzen hasi da, Bizkaiko Aldundiak mahastietako gai begetalak lortzeko eta hautatzeko ziurtagia lortua baitu. Gainera, prestakuntza praktikorako mahastizaintza eta enologiako beka bat atera du.

   Egin diren eta egiten ari diren hobekuntzen artean, honako hauek dira aipagarrienak: upategian zoru berriak jartzea, hozkailu handiak eta hozkailu-atariak, upategiko sarrerako harrera-gunea egokitzea, laborategiko altzariak, kafe-gunea eta biltegia, ekipamendu-manparak eta itxiturak, sarrerako ate automatikoa, komun berriak eta upategiko eta laborategirako ekipamendua eskuratzea. Inbertsioa 100.000 eurokoa izan da, 2011n gastatutakoa eta 2012rako aurrez ikusitako gastua batuta.

   Bizkaiko Aldundiko Nekazaritza Sailak mahastizaintza eta enologiako eta landare-osasunerako prestakuntza praktikoko bekak arautzen dituzten oinarriak onetsi eta beken deialdia egin du. Bi beka Zallako Frutazaintza estaziorako dira, eta beste bi Derioko Landare Babeserako Zentrorako. Foru dekretu baten bidez egin da deialdia eta beken helburua gazte profesionalen laneratzea erraztea eta kalitatezko eklikadura-produktuak lortzeko prozesuan gero eta begirune eta eraginkortasun gehiago izatea da.