'Txantxariak' telebista saioaren hirugarren denboraldia hasiko da asteburu honetan

Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 14:25

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

   Urtxintxa elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 3-8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko 'Txantxariak' telebista saioaren hirugarren denboraldia abiaraziko dute asteburu honetan. Beste behin, saioaren kapitulu berriak sortu dituzte, haurrentzako euskarazko eskaintza zabaltzeko asmoz. Saioek, entretenimenduaren bidez, hainbat balore positibo transmititu nahi dituzte.

   Horrela, hirugarren denboraldia ikusteko aukera izango da astebur honetatik aurrera, www.txantxariak.com atarian eta Hamaika, NTB11, Oizmendi, Xaloa, GITB, Goiena eta Erlo tokiko telebistetan. 3-8 urtera bitarteko neska-mutilengan pentsatuz sortutako euskarazko saioak dira, eta eduki pedagogiko, hezitzaile eta jolasgarriekin osatuta daude.

   2013an, Urtxintxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzan oinarrituta, 'Txantxariak' telebista saioaren lehen kapituluak sortu ziren. Kapitulu horiek izandako harrera ona ikusita, lankidetzari berriz heltzea adostu eta dagoeneko bi denboraldi gehiago osatu dituzte. Gainera, laugarren denboraldia ere bidean dagoela aurreratu dute.

   Hirugarren denboraldiko saio berrietan, jolasak, eskulanak, haurren egunerokoan oinarritutako bizipenak (haserrea, nekea, ardurak, kezkak), proiektu interesgarri batzuen ezagutza, haurren kontakizunak eta irratsaiok ikusi ahal izango dira, besteak beste. Horietan guztietan, oraingoan bi atal bereizgarri dira: bata, "Haurrak protagonista" atala, eta bestea, irratsaioena.

   "Haurrak protagonista" atalean, Amezketako eta Aramaioko haurrak izan dira protagonista, eta berrikuntza nagusia diren irratsaioetan, guraso zein haurren deiak jaso eta bidelagun egiteko hainbat aholku emango dira.

HURBILTASUNA

   Guztira, 30 minutu inguruko 10 kapitulu berri grabatu dira hirugarren denboraldirako. Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak saioaren hurbiltasuna nabarmendu du.

   "Euskararen ikuspegitik, ikus-entzunezkoen esparruan hurbiltasuna baliatu behar da. Ikusleak bere burua eta bere ingurua ikusi behar ditu pantailan, horrek harrapatuko duelako. 'Txantxariak' telebista saioan haurrak dira hartzaile nagusiak, eta haur horiek bihurtzen ditu saioak protagonista. Horrez gain, balioak ere modu bikainean lantzen dira. Oso gustura gaude lankidetza honekin", azaldu du.

   Jolasaren garrantzia ezagutzera eman nahi dute saioek, eta euskarazko jolasak eta abestiak zabaldu. Kaleak gizarteratzeko gune garrantzitsua direla ere nabarmendu nahi du saioak. 'Txantxariak' saioak hainbat balio sustatu nahi ditu, besteak beste, berdinen eta desberdinen arteko harremanen oparatasuna, norbanakoaren errespetua edo egunerokotasunaren plazerraren bizipena.

   Egitasmoan, nagusiki, Urtxintxa eskolako hezitzaile lantaldeak hartu du parte, baina Ner Group taldearen babesa ere jaso du, haien ideia eta misioekin bat egiten baitu.

   Horrela, ostiral honetatik aurrera, www.txantxariak.com web atarian astez aste saio berri bat eskegi eta haurrek saio berriaz gozatzeko aukera izango dute. Horrez gain, tokiko telebistek ere beren programazioan txertatuko dute hirugarren denboraldia.