Txekiar Errepublikako negozio aukerak ezagutzeko jardunaldia izango da Bilbon

Actualizado: martes, 17 febrero 2015 12:32
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI enpresa garapenerako agentziaren bitartez, jardunaldi bat antolatu du martxoaren 5erako Bilbon, euskal enpresek Txekiar Errepublikan dituzten negozio aukerak aztertzeko. Txekiar Errepublika da auten per capita ekoizpen handiena duen munduko bigarren herrialdea.

   Jardunaldian hainbat giltzarri emango dira nazioartekotzeko enpresa aukerei, pizgarriei eta alderdi legalei buruz, eta Txekian ezarrita dauden hainbat enpresaren adibideak azalduko dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   Txekiar Errepublikak indar handia du industrian, batez ere, makina-erreminta, ekipo ondasunak, automozioa, elektroteknika, burdinbideak, aeronautika, kimika eta siderurgia sektoreetan. Bere industriaren tamaina herrialdea berarena baino askoz ere handiagoa da.

   Kokaleku estrategikoa dauka (Alemania, Austria, Polonia eta Eslovakia artean) eta hornitzaileen eta eskola teknikoen sare trinko bat ere bai. Hala, lehentasunezko jomuga bihurtu da atzerriko produkzio ezarpenentzat. Horrez gain, erosteko ahalmen handia eta merkatu heldua duenez, luxuzko produktu, arropa edo 'delicatessen' hornitzaileentzat plataforma egokia da Ekialdeko Europan.

   Azkenaldian nabari da atzerriko inbertsioak hazi egin direla, batez ere automozioan. Txekiar Errepublika da munduko bigarren herrialdea, Eslovakiaren ondoren, auto gehien ekoizten dituena per capita. Bi herrialde horiek, tradizionalki merkatu bakartzat hartu direnak, bi milioi auto ekoizten dituzte urtero.

   Euskal kapitaldun 48 enpresa daude ezarrita bertan eta merkatu horretarako euskal esportazioak 361,8 milioi eurokoak dira (Euskaditik Txinarako esportazioak 493,5 milioikoak dira, Mexikorakoak 424,9 milioikoak, Errusiarakoak 199,9 milioikoak eta Indiarakoak 162,1 milioikoak).

EZ DAGO SATURATUTA

   Txekiako merkatua une honetan ez dago saturatuta, eta beraz euskal enpresek balizko bezeroak aurki ditzakete hainbat sektoretan. Txekian eta inguruko herrialdeetan ezarrita dauden multinazional aleman, japoniar edo korearrengana jo dezakete, bai eta une honetan hedatzen ari diren tokiko enpresa taldeengana ere. Europa erdigunean dagoenez, Txekiako atzerriko ezarpen askok handik hornitzen dituzte Alemanian, Austrian eta Europa Ekialdean dituzten bezeroak.

   Jardunaldiari hasiera emateko, Tomás Buchtele SPRIk Txekiar Errepublikan eta Eslovakian duen bulegoko zuzendariak aurkezpen bat egingo du. Halaber, hizlari bezala parte hartuko dute Marketa Tomková Inbertitzeko Pizgarrientzako Finantza Laguntzen administratzaileak, Jakub Lichnovsky Atzerriko Inbertsioen Elkarteko kideak eta Kepa Bastida Sasiain Lana Taldeko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste.

   SPRIk aukera ematen die jardunaldian interesaturik dauden enpresei banako bilerak egiteko hizlariekin, eta bilera horiek www.spri.eus web orriaren bidez hitzartu daitezke.