Txileko Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak martxan jarritako Kultura Bonuaz galdetu du

Actualizado: martes, 6 septiembre 2011 14:35

BILBO, 6 Sep. (EUROPA PRESS) -

Txileko Gobernua Eusko Jaurlaritzarekin jarri da harremanetan Kultura Sailak sorturiko Kultura Bonuaz galdetzeko. Ekimen hori 2009ko Gabonetan jarri zen abian lehen aldiz eta hurrengo urtean berriro burutu zen, herritarren artean kultura-ondasunen kontsumoa sustatzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik jakinarazi dutenez, Hego Amerikako herrialde horretako Kulturaren eta Arteen Kontseilu Nazionala Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradun nagusiekin jarri da harremanetan neurri horren garapena eta neurriarekin lortutako emaitzak ezagutzeko. Neurri horrek arrakasta handia izan duenez, aurten ere abian jarriko du Eusko Jaurlaritzak.

Kultura sailburu Blanca Urgelli zuzendutako galdeketa baten bidez, Txileko Gobernuak programa horren alderdi eta xehetasun guztiak jakin nahi izan ditu: Euskal Kultura Bonuaren helburua, Jaurlaritzaren gainontzeko kultura-politikekiko osagarritasuna, urtearen buruan izan duen bilakaera, eta kudeaketaren eta funtzionamenduaren alorreko alderdi tekniko batzuk ere. Horrela bada, ahalik eta informazio gehien eduki nahi du herrialde horretan ezarri baino lehen.

Emandako datuen artean, Kultura Sailak Txileko Gobernuari esan dio Kultura Bonua 2009ko Gabonetako kanpainan jarri zutela abian lehen aldiz eta 834.000 euroko aurrekontua zutela; iaz kopuru hori 885.000 eurotara gehitu zuten. Halaber, eremu horretan burutzen diren beste ekintza batzuk osatzeko helburuarekin, herritarrek kultura-produktuetan egindako gastua saritzea du helburu ekimenak; gainera, krisia modu berezian jasaten duen sektoreari laguntzen dio.

Bonua zenbait lekutan truka daiteke, besteak beste, liburu-dendetan, musika-dendetan, azalera handiak alde batera utzita, antzokietan, museoetan, musika aretoetan eta zinema-aretoetan.

Kultura Bonuaren prozedura erraza da: bezeroak finantza-entitate laguntzaileetan erosiko du 25 eurotan eta ondoren 40 euro izango ditu kanpainarekin bat egin duten lekuetan trukatzeko. 2009an 287 establezimendu atxiki ziren (29 Araban, 84 Gipuzkoan eta 174 Bizkaian). Kopuru hori %27ra igo zen 2010. urtean, 366 establezimendu atxiki baitziren (35 Araban, 120 Gipuzkoan eta 211 Bizkaian). Liburu-dendak ziren nagusi (%77), baina baita antzokiak (%7), musika-dendak (%15), museoak (%4), kontzertu-aretoak (%4) eta zinema-aretoak (%3) ere.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Txileko Gobernuari adierazi dio herritarrek "oso ondo" hartu zutela ekimena. Hasiera-hasieratik uste baino bonu gehiago saldu dira: 55.625 lehen urtean eta 59.000 bigarrenean. Gainera, establezimenduen balorazioa "oso ondotik gorakoa" da eta ez diote gaur egungo funtzionatzeko sistemari aldaketarik proposatu.