Txileko Valparaiso eskualdeko ordezkaritza bat Gipuzkoan dago, merkataritzan eta hezkuntzan harremanak sendotzeko

Valparaisoko eta Gipuzkoako ordezkariak
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 4 mayo 2015 15:19

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Txileko Valparaiso eskualdeko ordezkaritza bat Gipuzkoa bisitatzen ari da, merkataritzaren eta hezkuntzaren alorretan harremanak sendotzeko asmoz. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jon Peli Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatuak eta Garbiñe Errekondo Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatuak egin diote harrera Valparaisoko ordezkaritzari. Toki eta eskualdetako ordezkariek eta Txileko Kongresu Nazionalaren egoitza den hiriko lau unibertsitateetako arduradunek osatzen dute ordezkaritza.

   Euskal Herriaren eta Txileren artean dauden "lotura estuak" gogarazi die Garitanok Valparaisoko udalerriko eta unibertsitateetako arduradunei. Txilen, adibidez, biztanleen %27k euskal abizenen bat du, eta Valparaisok Euskal Etxe bat; aurten lehen mendeurrena betetzen duen Txileko Elkarren arteko Laguntzen Euskal Zentroa dago horren jatorrian.

   Valparaisoko udal arduradunek eta ia bi milioi biztanle dituen eskualde horretako gobernuko ordezkariek, batetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, bi lurraldeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur.

   Valparaisoko ordezkari politikoek beren jakin-mina agertu dute Gipuzkoako enpresek hainbat alorretan duten gaitasunarengatik; esate baterako, garraioan, industrian, elikaduran eta turismoan. Horrez gain, hondakinak kudeatzeko sistemez eta ingurumen politikaz interesatu dira, eta, hori dela eta, arratsalde honetan bilera izango dute arlo horretako diputatu Iñaki Errazkirekin.

HAINBAT BISITA

   Ildo horretan, Txileko ordezkariek Kutxaren Ekogunea parkea bisitatuko dute aste honetan, eta Gipuzkoako hondakin politika ezagutuko dute gertutik. Halaber, AMPO enpresara eta Arrasatera ere joango dira, kooperatiben eredua ezagutzeko, eta Goierriko CAF enpresa eta hainbat enpresa txiki eta ertain bisitatuko dituzte.

   Txileko ordezkaritzaren agenda horretan, Ordiziako merkatura egingo duten bisita, eta Valparaisoko Nekazaritza Ministerioko idazkari nagusia ere bertan izango da; bisita hori baliatuko dute Goieki Goierriko Garapenerako Agentziak zer lan egiten duen ezagutzeko.

   Txilen oso ezagunak diren Valparaisoko lau unibertsitateetako erretoreak ordezkaritzan daudela baliaturiko (Valparaisoko Unibertsitate Katoliko Pontifikala, Valparaisoko Unibertsitatea, Federico Santamaria Unibertsitate Teknikoa, Hezkuntza Zientzien Playa Ancha Unibertsitatea), lankidetza hitzarmenak sinatuko dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Deustuko Unibertsitatearekin eta Arrasateko Unibertsitatearekin.