Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak pailazoen 40. urtebetetzea ospatuko dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 mayo 2012 16:40

BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 40 urte betetzen dituzte aurten eszenatoki gainean, eta urteurrena ospatzeko jarduera eta emanaldi ugari burutzen ari dira Euskadiko toki ezberdinetan. Gauzak honela, abuztuaren 21ean, Bilboko Aste Nagusiaren baitan, Txirri, Mirri eta Txiribitonek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) "40 urteko algara" kontzertua eskainiko dute Euskalduna Jauregian.

Barre egin eta abestea helburu izango dituen festa honetan ez da musika onena faltako eta familiarteko publikoari zuzenduko zaio. Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Orkestrak pailazoen abestirik ezagunenen aukeraketa zabal bat interpretatuko dute, hala nola "Txirri, Mirri eta Txiribiton", "Pintto, Pintto", "Zapi zuria", "Behin edo behin" edo "Paristik natorren".

Horretarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren iturriek jakinarazi dutenez, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior, Bilboko Koral Elkarteko Kontserbatorioko Abesbatza eta Araoz Txiki eta Easo Txiki abesbatzak izango dituzte lagun. Entzulegoa ere kantu kantari aritzea espero dute, eta guztiak zuzentzeko Juan Jose Ocon maisua izango da.

Kontzerturako sarrerek bost euroko prezio bakarra dute eta Euskalduna Jauregiko leihatilan (astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara), BBKren orotariko kutxazainetan, 944 310 310 telefonoaren bidez edo interneten www.bbk.es webgunean eros daitezke.

Contenido patrocinado