Txizkako merkataritzari laguntzeko hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Aldundiak eta Cecobik

Bizkaiko Aldundiko eta Cecobiko arduradunak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 20 mayo 2013 18:42

BIILBO 20 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak esparru-hitzarmen bat sinatu dute, lurraldeko txikizkako merkataritzari laguntzeko eta bere egoera hobetzen laguntzeko, hiru esparrutan aplikatu beharreko hainbat ekintzaren bitartez: kontsumoa dinamizatzea; lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzea; eta merkataritza-egituraren iraunkortasuna.

Foru erakundeak 500.000 euro bideratu ditu akordio integralean jaso den jarduera-sorta hau finantzatzeko.

Bi erakundeotako arduradunek adierazi dutenez, akordioa sinatzearen arrazoia da hainbat ekintza egin behar direla, krisi ekonomikoko egoera honetan saltegi txiki eta ertainei eusten eta irauten laguntzeko, krisiak "bereziki gogor" astindu baitu sektore hori.

Horrela, akordioaren xedeetako bat kontsumoa dinamizatzea da. Esparru honetan kokatzen dira etxerako eta atsedenerako ekipamendua saltzen duten saltegiei zuzendutako "Bonodekor" kanpaina eta hurbileko hiri-saltegi txikietan kontsumoa berraktibatzera zuzendutako "Bono Denda" kanpaina.

Halaber, lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzea ere bilatzen dute bi erakundeek. Horretarako, desberdintzeko elementuak eta honako hauetan oinarritutako posizionamendua bilatzeko ekimenei laguntzen jarraitu da: ingurumen-iraunkortasuna sustatzea, hiri-eredu berria sortzea eta kalitatezko enplegu egonkorra finkatzea.

Azkenik, hitzarmenaren hirugarren lan ildoa merkataritza-egituraren iraunkortasuna da, eta ild honetan, egin beharreko jarduerak enpresa-transmisioa dinamizatzearekin lotuta egongo dira.

"BONODEKOR"

Esparru-hitzarmen honetan jasotako lehenengo neurria berriz ere "Bonodekor" kanpaina egitea izango da, maiatzaren 24tik ekainaren 29ra bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Cecobik, Amubi Bizkaiko Altzarien Elkartearekin batera, bigarren urtez jarraian, deskontu-kanpaina hau abian jarriko dute. Kanpainaren helburua da etxerako eta atsedenerako ekipamendu-produktuen kontsumoa berraktibatzea.

Iaz bezala, foru erakundeak diruz lagunduko du 5.000 "Bonodekor" bonu zirkulazioan jartzea, bost euroko prezioan. Kontsumitzaileek BBK-ko orotarako kutxazainetan eskuratu ahal izango dituzte, edozein finantza-erakundetako kreditu- edo zordunketa-txartela erabilita.

Bonu horrekin, kontsumitzaileak %20ko deskonturako eskubidea izango du 300 eurotik gorako erosketetan, kanpainan parte hartuko duten saltegi txiki eta ertainetan.

Saltegi horiek, erakusleihoetan, sustapen horretan parte hartzen dutela adierazten duten kartelak izango dituzte, eta "Bonodekor" bonua erabilita deskontua daukaten produktuetan etiketak jarriko dituzte.

Lehenengo aldiz martxan jarri zenean, iaz, kanpainak 4.098.330 euro sortu zituen salmentetan, krisi ekonomikoak eta higiezinen sektoreko ziurgabetasun-aldiak bereziki kaltetutako sektorean. 2012an, agortu egin ziren kanpaina honen barruan jaulki ziren bonuak; kanpainak eragin biderkatzaile garrantzitsua izan zuen: merkatari bakoitzak inbertitutako euro bakoitzeko, bost euro sortu ziren. Horrez gain, "Bonodekor" bakoitzarekin eginiko batez besteko erosketa 1.599 eurokoa izan zen, eta deskontatutako zenbatekoa 338,23 eurokoa izan zen bonu bakoitzeko.

Hain positiboak diren zifra horiek arrazoietako bat izan dira Bizkaiko Foru Aldundiak, Cecobik eta Amubik bigarren urtez jarraian kanpaina hau antolatzeko. Kanpaina maiatzaren 24tik ekainaren 29ra bitartean egingo da, eta Bizkaiko 200 saltegi txiki eta ertainek egin dute bat kanpainarekin.

Kanpaina honekin bat egin duten saltegien zerrenda eta kokapena edota kanpainaren xehetasunak eta baldintzak kontsultatu nahi dituzten pertsonek Cecobiren web-orrialdean egin ahal izango dute: www.cecobi.es.

Contenido patrocinado