U2 taldeak maiatzean argitaratuko du disko berria

Bono U2 taldeko abeslaria
MARCELO DEL POZO/REUTERS
Actualizado: miércoles, 2 febrero 2011 13:41

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Paul McGuinness U2 taldeko managerrak iragarri du irlandarren disko berria maiatzean argitaratuko dela, "360º Tour" biraren atal amerikarraren barruan Mexikoko Azteca estadioan egingo dituen hiru kontzertuekin bat etorriz. Amazon-en Alemaniako webguneak hautsak harrotu zituen aurki U2 taldearen disko berri bat maiatzaren 27an salgai izango zela adieraztean.

Midem azokaren baitan Cannesen (Frantzia) eskainitako prentsaurrekoan, McGuinnessek jakinarazi du disko berria ia bukatuta dagoela eta, egun, Bono, The Edge, Adam Clayton eta Larry Mullen Frantziako hegoaldeko estudio batean abesti berriei azken ukituak ematen ari direla.

Taldeko managerrak zehaztu du lan berriaren ekoizlea Danger Mouse dela, eta seguruenik ez dela "Songs of Ascent" deituko, zurrumurru askotan izenburu hori agertu arren.

Talde irlandarraren ibilbideko hamahirugarren diskoa izango da, 2009ko otsailean kaleraturiko "No Line on the Horizon" lanaren ondoren. Gaur egun, U2 oraindik disko hori aurkezteko biran murgilduta dago; bira 2009ko ekainean hasi zen Bartzelonan bi kontzertu eskainiz, eta Donostiako Anoetatik ere igaro zen.

Urte honetan zehar ere aurrera jarraituko dute "360º Tour" birarekin, otsailaren 13an Johannesburgen (Hegoafrika) hasita. Ondoren, Txile, Argentina, Brasil, Mexiko, AEB eta Kanadan ariko dira, eta azken data uztailaren 30ekoa da oraingoz, Monctonen (Kanada), Aracde Fire gonbidatuak direla.