Uda Gipuzkoan igaroko duten Txernobileko adingabeei harrera egin die Aldundiak

Txernobileko umeei harrera
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 29 junio 2017 12:04

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak Bielorrusiatik eta Errusiatik uda igarotzera lurraldera heldutako Txernobileko umeen ordezkaritza bati harrera egin diote ostegun honetan foru jauregian, Donostian. Umeak Bikarte elkartearen bidez heldu dira Gipuzkoara. Guztira, 67 adingabe 65 harrera familiatan biziko dira Gipuzkoan irailaren 2ra arte. Adingabeen %85 behin baino gehiagotan izan da Gipuzkoan, normalean familia berberean.

Olanok ekitaldian azpimarratu duenez, ekimenari berari eta harrera familiak izateko prest dauden familien "elkartasun handiari" esker, umeek "erradiazioak erasandako ingurunetik alde egiteko aukera dute hilabete batzuez". "Gainera, harrera familiek dena ematen dute, maitasun eta dedikazio guztia eskaintzen diete, euren seme-alabak balira bezala, eta horrek harro sentiarazten nau", gaineratu du.

Ekitaldian Easo abesbatzak eta Txaborro magoak ere parte hartu dute. Ondoren, diputatu nagusiak eta Maite Peña foru diputatuak opariak banatu dizkiete neska-mutilei, eta, amaitzeko, hamaiketakoa eskaini zaie ohorezko solairuan.

BIELORRUSIA

Txernobileko istripu nuklearreko erradiazioaren zatirik handiena (%70) Bielorrusiak hartu zuen, euriaren noranzkoa zela-eta kalterik gehien jasan zuen herrialdea izan baitzen, Ukrainaren eta Errusiaren aurretik. Gaur egun, Gipuzkoara heldutako Bielorrusiako ume berriak Gomel ingurukoak dira, erradiazio gehien jasan zuen gunekoak, hain zuzen. Eskualdea herrixka xumeek osatzen dute eta oso baldintza gogorretan bizi dira.

"Haurrei erradiazio maila (Cesio 37) neurtzen zaie handik ateratzen direnean eta itzultzean. Argi eta garbi ikusten da nola jaisten zaien erradiazioa hemen dauden bitartean. Itzultzeko ordua iristen denean penaz joaten dira, batzuk euren familietara -gehienak oso desegituratuta daude-, eta beste batzuk, umezurtz etxeetara, baina, era berean, ilusioz beteta abiatzen dira, badakitelako berandu baino lehen -Eguberritako kanpainan- Gipuzkoara eta Euskadiko beste toki batzuetara itzuliko direla", Peñak azaldu duenez.

Amaitzeko, foru diputatuak esan du Bielorrusiarako bidaian Bikarteko bi pertsona joaten direla umeekin, "hona etortzeko baldintzak betetzen dituzten ume berriak ezagutzeko eta haien egoeraren berri izateko". Ondoren, harrera familia berriak bilatzen hasten dira, "zorionez, Gipuzkoan horrelako asko baitago, nahiz eta familia gehiago ere behar diren, horrela Txernobileko ume gehiago ekarri ahal izateko".