Udal araudi berrian generoko ikuspegia txertatzeko gida egin dute Eudelek eta Emakundek

Izaskun Landaida eta Ibon Uribe
IREKIA
Actualizado: jueves, 24 mayo 2018 17:16

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak udal teknikarien Berdinsarea esparruan prestatutako didaktika eta prozedura gida berria jarri dute Euskadiko udalen eskura. Helburua da Generoaren araberako Eraginaren Aurretiazko Ebaluazioak hasierako unetik sartzea tokiko gobernuek sustatzen dituzten araudi berri guztietan eta administrazioko ekintzak diseinatu, prestatu eta ekoiztean.

Ibon Uribe Eudeleko lehendakari eta Galdakaoko alkateak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak lanerako tresna berria aurkeztu ostegun honetan, Eudelen egoitzan egindako lan jardunaldi batean, Bilbon.

Azaldu dutenez, bi erakundeek instituzioen arteko lankidetzarako duten konpromisotik abiatuta, "tresna erabilgarriak" eskaini nahi dizkiete Euskadiko udalei, "berdintasunaren ikuspegi berria jorratzen laguntzeko, toki esparruko kudeaketa eraginkorraren eta gobernantza onaren zeharkako ardatza izan dadin, herritarren onurarako".

Generoko eraginaren ebaluazioak EAEko administrazio guztietan daude aurreikusita, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki. Hala ere, gida hau "aurrerapen garrantzitsua" da, tokiko administrazioko prozeduretan ezarri ahal izateko, gomendioak eskaintzen baititu prozesuko fase bakoitzera egokituta.

Europako Batzordeak berak ezarri duenez, "sexistak ez diren erabaki politikoek eragin desberdina izan dezakete emakumeengan eta gizonengan, ondorio hori aurreikusita egon eta desiratua izan gabe ere" (Generoaren araberako eragina ebaluatzeko gida, 1997).

Ildo berean, Eudelen eta Emakunderen gidari jarraiki, "beharrezkoa da emakumeen eta gizonen artean maila guztietan dagoen desparekotasuna kontuan hartzea, horrek abiaburu desberdinetan kokatzen baititu gizonak eta emakumeak". "Hortaz, arazo hori konpontzeko, politika publikoa berriz antolatu behar da. Kasu honetan, arau edo administrazio ekintza bat prestatu behar da desparekotasun hori dagoela aintzat har dadin", adierazi dute.

Lehenik, gidaren helburu nagusia da gaiarekin lotura duten sailetako udal langileen lana erraztea (idazkaritza, kontu hartzailetza, zerbitzu juridikoak, berdintasuna), eta, jarraian, eragin onuragarria izatea gizartean, emakumeekiko bereizkeria gutxituta. Hala, "onura zuzena" eman nahi zaie udalerriko herritarrei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa tokiko bizitzan sustatuta.

JARDUNALDIA

Tresna berria ostegun honetan aurkeztu da Eudelen egoitzan izandako lan jardunaldi batean. Maila politikoko eta teknikoko ia ehun udal arduradun izan dira bertan, gehienbat gaiarekin lotura duten sailetakoak -berdintasuna, idazkaritza, kontu hartzailetza eta zerbitzu juridikoak-.

Uriberen hitzetan, "generoko ikuspegia udalerriko erregulazioaren erdian txertatuta, eragina izan dezakegu arau guztietan, ager daitezkeen desparekotasunei aurre egiteko eta egoera horiek aldatzeko. Horrela, arau horiek eraginkorragoak izango dira, eta eragin handiagoa izango dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari begira".

Bestalde, Landaidak nabarmendu du zein garrantzitsua den instituzioen arteko koordinazioa berdintasunaren esparruan, eta berariaz aipatu du arauek eta administrazioko ekintzek eragin desberdina izan dezaketela emakumeengan eta gizonengan, eta, beraz, beti hartu behar dela aintzat generoko ikuspegia.

"Ahaleginak egiten jarraitu behar dugu generoko ikuspegia administrazio publikoen jarduera eta prozesu guztietan zeharka txertatzeko, batez ere administrazioaren maila desberdinetan modu homogeneoan ezartzeko, eta, bereziki, udal administrazioetan", esan du Landaidak.

Gida berriak eredu bera eskaintzen die tokiko gobernuei. Argitalpenean, udalaren konpromiso eta akordio proposamenaz gain, prozedura eta faseak, erakundearen barruko arduradunak eta organoak, eta, orobat, gida ezartzeko adibide erabilgarriak eta salbuespenak jaso dira.

Aurreko beste tresna batzuetan bezala, adibidez, berdintasunerako tokiko planetan edo berdintasunerako ordenantzetan bezala, gida berrian orientabideen katalogo bat jaso da, udal bakoitzaren errealitatera egokituta.

Prozedura hori era formalean onetsi beharko du udalbatzak, eta, horrela, tokiko gobernuak jarraibide egonkor batzuk finkatu beharko ditu, udalak sortutako arauetan eta administrazioko ekintzetan generoko eraginaren ebaluazioa jorratzeko.

Ildo horretan, Uribek eta Landaidak azaldu dutenez, ekimen berri honekin, Eudelek eta Emakundek lanean jarraitu nahi dute, "erreferenteak emateko eta udalei laguntzeko".