Udalbatzak Landak Udaleko egitura politikorako aurkeztutako herstura neurri sorta onartu du

Actualizado: jueves, 30 junio 2011 19:13

BILBO, 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

EAJ-PNVren, PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Bilduren aurkakoekin, Udalbatza berriak, bere aurreneko saioan, Alkate Imanol Landak Udaleko egitura politikoan herstura ezartzeko aurkeztutako neurri sorta onartu du gaur, bertatik jakinarazi bezala.

Urteko 200.000 euro aurreztea ekarriko du neurri sortak, 800.000 eurokoa legegintzaldi osoan. Onartutako neurrien artean, honako hauek daude: lehen zeuden 6 batzorde informatiboetatik 3 kentzea, Alkatearen eta zinegotzien soldatak bere horretan uztea, iaz beheratu zituzten soldatak (%7 Imanol Landarena eta %5 zinegotziena), zinegotzien dietak murriztea, alderdi politikoen administrazio-langileen eta aholkularien kopurua gutxitzea eta Udaleko udal taldeei ematen zaien diru-kopurua jaistea.

Alkatearen eta zinegotzien soldatak bere horretan uzteak urteko 32.982,44 euroko aurrezpena suposatuko du. Alderdietako aholkulariei eta administrazio-langileei dagokienez, BERRIZ, aurrezpena 97.836 eurokoa izango da, laguntza-pertsonen kopurua bi eta erdi gutxiagokoa izango baita (horietariko bat lan jardunaldi erdiz ariko da).

Lehen zeuden 6 informazio batzordeetatik 3 kentzeak asistentzia-ordainetan 20.000 bat euro gutxitzea ekarriko du. Azkenik, proposamenak talde politikoen jardueren finantziazioan 48.000 euro baino gehiago aurreztea ere suposatuko du.

Bilduk bi zuzenketa aurkeztu ditu "gastu publikoaren murrizketa bermatzeko asmoz", baina gainontzeko alderdi politikoek atzera bota dituzte: lehenbizikoa, Alkatetzaren eta alderdi politikoen aholkulariak kentzeko, uste baitute "Udalak badituela berezko baliabideak egin beharreko lana egiteko", eta bigarrena, dedikazio osoan eta soldatapeko zinegotzi kopuru murrizteko, uste baitute "politikariak herritarren zerbitzura daudela eta ez baitugu uste profesionalizatu behar direnik".

PPkoek adierazi dute "EAJrekin akordio batera iritsi garela gerrikoa estutu eta krisialdian gastua murrizteko. Horrek erakusten du proposamen zentzudunak aurkezten direnean, adostasunera irits daitekeela. Zentzuzkoa da 80.000 biztanletik gorako Udal batek jendea lanean edukitzea gobernua kontrolatzeko".

Azkenik, EAJ/PNVren bozeramaileak, Koldo Iturbek, nabarmendu duenez, "proposamen hau, ekonomia aldetik bizi dugun aro latzean baliabide publikoen kudeaketan une honetan gure ustetan aplikatzen segitu beharreko zorroztasun eta erantzukizunetik aurkezten dugu. Eskaintzen ditugun zerbitzuen mailaren arabera uste dugu beharrezkoa dela pasa den legegintzalditik, eta herritarrek hautestontzietan hala berretsi duten kudeaketa ereduari eustea".

Iturbek, halaber, gogoratu du "84.000 biztanle dituen eta gurea bezalako proiektu kopuru handia duen Udal batek dedikazio osoan jardungo duen pertsona kopuru jakina izan behar duela".

Udalbatzak, herritarren partaidetza erraztu aldera, aho batez erabaki du osoko bilkura arruntak egiteko eguna aldatzea. Hartara, orain arte ez bezala, hileko azken ostiral goizetan izan beharrean, hemendik aurrera hileko azken astearte arratsaldetan egingo dira, 17:00etatik aurrera.