Udalbiltzak 120.000 euro banatuko ditu 28 proiekturen artean, Pirinioetarako laguntzen bigarren deialdian

Aurkezpenean izan diren ordezkariak
UDALBILTZA
Actualizado: martes, 16 diciembre 2014 13:56

BILBO, 16 Dic. (EUROPA PRESS) -

Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak laguntzetarako deialdi berria jarri du abian, "Euskal Pirinioetan lan eta bizi" programaren baitan. Pirinioetako ekintzaileek, eragile sozialek eta erakundeek 2015eko otsailaren 16ra arteko epea dute proiektuak aurkezteko, eta guztira 120.000 euro banatuko dira mikroekintzailetzako 28 egitasmoren artean.

Astearte honetan eman da laguntzen programa honen berri, Antsoainen, Cederna Garalurren egoitzan. Entitate honek laguntza zuzena ematen du "Euskal Pirinioetan lan eta bizi" programan, ebaluazio epaimahaian zein hautatutako proiektuen tutoretza lanetan parte hartzen baitu. Euskal Garapen eta Kohesio Fondoarekin berriki izenpetu duen hitzarmena ere aurkeztu da, eta mugaz bi aldeen arteko lankidetza estrategikoa aurreikusten du.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariorde eta Baztango zinegotziak, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak, José María Ayerdi Cederna Garalurreko buruak, Felix Jamar Jauregui Aezkoako Batzarreko buruak eta Ruben Gomez Liginagako auzapezak.

Laguntzen deialdia 2014an egin zen aurrenekoz, eta arrakasta handia izan zuen: 66 proiektu aurkeztu ziren, eta haietatik 19 hautatu zituen epaimahaiak (laguntzetako bat eman gabe gelditu zen). Proiektu bakoitzak 6.000 euro jaso zituen eta Fondoak tutore bana jarri zien, nola gauzatzen zen ikuskatzeko. Tutoretza lan horretan zenbait entitate laguntzen ari dira, besteak beste Cederna Garalur, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Gaindegia.

Horrez gain, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak lankidetza hitzarmenak izenpetu ditu Herrikoarekin eta Fiare-Banca Etikoarekin, proiektuek finantzabidea izan dezaten.

Deialdi berrian diru laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua handitu egin da -20tik 28ra-, bai eta esku hartzearen eremua ere. Aukeratutako lurraldean 103 herri sartu ziren aurrekoan, Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta oraingoan, berriz, 128 izango dira.