Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak Lasarte-Orian egingo dira asteazkenean eta ostegunean

Actualizado: martes, 28 abril 2015 13:35

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren zazpigarren edizioa egingo da asteazkenean eta ostegunean, apirilaren 29an eta 30ean, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona Kultur Etxean. Zenbait adituk hizkuntza legea izango du hizpide, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen duten jardunaldian.

   "Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntza galdu gabe?" da aurtengo topekatarako aukeratu den gaia. Udaletako hizkuntza araubideak erabateko gaurkotasuna du, Eusko Legebiltzarrean eztabaidan baita une honetan udalen lege proiektua.

   "EAEko herriko etxeen bizimoldea zinez itxuratuko du lege proiektuak. Ez bakarrik eta nagusiki euskararen erabilerak dituen aukeretan, baita hizkuntzaren arloan ere. Lege proiektuaren eztabaida pare-parean egokitu zaigu, eta aukera baliatu nahi izan dugu gure publikoari horren berri emateko", adierazi du Udaltopeko antolamendu batzordeak.

   Besteak beste, eta betiere udalaren barne bizitzaren ikuspegia galdu gabe, Udaltopen xedea izango da lege proiektuaren zer nolakoak ulertzeko argibideak ematea; euskarak dituen beste administrazio esparruen araudiaren eta praktikaren aldeak aztertzea; edota administrazioaren jardunbide berrien aukerak eta arriskuak haztatzea.

   Egitarau oparoa osatu da horretarako. Orotara, bederatzi hitzaldi, talde lana eta topaketari amaiera emango dion ondorioen tartea programatu dira. Hitzaldietan oinarri teorikoak eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako errealitateak tartekatuko direla aurreratu dute antolatzaileek.

   Lehenengorako udaletako hizkuntza legea gertutik ezagutzen duten solaskideak gonbidatu dira: Eusko Jaurlaritzako legelaria den Zelai Nikolasek Udal Legeak udaletako hizkuntza politika zertan hobe dezakeen azalduko du; Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide irakasle Iñigo Urrutiak Udal Legea hobetzeko proposamenak jarriko ditu mahai gainean; eta Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria euskararen legea aldatzeko aukeraz ariko da.

   Euskararen lurraldeetako beste errealitateak ezagutzeko Laura Perez Nafarroa Aldatu Ahal Dugu alderdiko idazkari orokorra, Ione Josié Errobi Herri Elkargoko euskara teknikaria, Begoña Garmendia Azkoitiko Udaleko idazkaria eta Aramaioko euskara departamentuko arduradunak gonbidatu dira.

ONDORIOAK

   Ondorioen tartean, Sustrai Colina bertsolariak bi egunetan jasotako mezu nabarmenenak bilduko ditu. Euskal Herriko plazetan bertsotan ikusi ohi den Zuzenbidean lizentziatua den Sustrai Colina oraingoan hitz lauz ariko da, ikasketek eta kazetari izateak ematen dion esperientzia uztarturik.

   Izena emateko epea amaituta, antolamendu batzordeak jakinarazi du 150 lagunetik gora bilduko direla Lasarte-Orian. Herri administrazioetako euskara teknikariak, politikariak, aholkularitza enpresetako langileak, hizkuntza erabileraren gaietan ikerlari eta aditu direnak, edota oro har, lan jardunean euskara ardatz dutenak

   Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute Udaltop, eta zazpigarren edizioan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Udalbiltzaren babesa eta UEMAren laguntza izango ditu.