Udaltzainei zuzenduriko bide segurtasunari buruzko ikastaroak antolatu ditu Jaurlaritzak

Udaltzainak ikastaroetako batean
Foto: IREKIA
Actualizado: martes, 5 mayo 2015 12:54

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Udaltzainei zuzendutako bide segurtasuneko begiraleentzako ikastaro bat hasi da astearte honetan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Arkautin (Araba). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren Bide Segurtasuneko 2015-2020etako Plan Estrategikoak bildutako ekimenetako bat da.

   Aurten hiru ikastaro izango dira: lehen mailako bi eta bigarren mailako bat. 2014an bi ikastaro egin zituzten, lehen mailakoak biak, eta iaztik gaur arte 54 udaltzainek parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

   Astearte honetako saioarekin aurtengo bigarren ikastaroa hasi dute Arkautin. Ikastaroak 60 ordu iraungo ditu, hiru ataletan banatuta: bi aurrez aurrekoak eta bat urrutitik egiteko. Ikastaroaren helburua da udaltzainek bide segurtasuneko begiraleen funtzioak betetzea. Udazkenean lehen maila gainditu dutenek eta mugikortasun seguruari buruzko prestakuntzan esperientzia dutenek bigarren maila egin ahalko dute.

   Besteak beste, ikastetxeetako hezkuntza markoa, komunikazio gaitasunak eta partaidetza bultzatzeko proposamenak egiten ikasiko dituzte. Halaber, partaideen adinaren arabera erabili beharreko irakaskuntza prozesuak bereizten ikasiko dute. Ikastaroan simulazioak egin eta kasu zehatzak landuko dituzte. Gainera, partaideetan oinarritutako metodologia aktiboa eta parte hartzekoa erabiliko dute.

   Hurrengo udalerri hauetako udaltzainek hartuko dute parte: Abadiño, Andoain, Amurrio, Azkoitia, Barakaldo, Donostia, Ermua, Galdakao, Gernika, Getxo, Hernani, Hondarribia, Laudio, Lekeitio, Lezo, Muskiz, Oiartzun, Oñati, Orio, Portugalete, Tolosa, Trapagaran, Ugao, Villabona, Gasteiz, Zalla eta Zarautz.

   "Udaltzaingoekin egiten dugun partaidetzaren adibide dira ikastaroak. Helburua udaltzainek bide segurtasuneko lanak egin ahal izatea da, eta behar bezala prestatuta egotea. Izan ere, lan hori ezinbestekoa da beste helburu bat lortzeko: trafiko istripuen ondoriozko biktimen kopurua txikitzea. Kasu honetan, hirigunean", esan du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok.