Udan %50eraino igotzen dira konjuntibitis kasuak

Actualizado: miércoles, 22 julio 2015 12:37

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Poliklinikak egindako azken ikerketak udan konjuntibitis kasuak %50eraino igotzen direla ondorioztatu du, begiak eguzki erradiazioaren eraginpean jartzeagatik. Klinikako oftalmologoek eguzki betaurrekoen erabilpena gomendatu dute prebentzio estrategia bezala.

   Poliklinika Gipuzkoako oftalmologoa den Mercedes Zabaleta doktoreak azpimarratu duenez, "eguzkitako betaurrekoak udan ez dira apaingarri hutsa", eta eguzkiaren arriskuak azaldu ditu: "gehiegizko esposizioa baldin badago, esaterako hondartzan babesik jabe jartzea itsasora edo hareara begira, keratokonjutivitis aktinikoa gerta daiteke, hau da, kornearen asaldura bat, erradiazioa zona horretan geratzen delako, eta ordu gutxira min izugarria eragiten du".

   Konjuntibitisa da udan gehien errepikatzen den patologia; larrialdietako kasuak %50 igo dira. Ezinbestekoa da babestea, eguzkiaren gehiegizko esposizioak patologia ugari eragin ditzakeelako begietan. "Bizi itxaropena handiagoa da, eta erradiazioaren espektroa ere areagotzen doa urteetan zehar, eta patologiak eragin ditzake, bai kristalinoan bai erretinan", azaldu du Zabaleta doktoreak.

   Poliklinikatik gogorarazi dutenez, betaurrekoak ondo aukeratu behar dira, haien betekizuna ez dadin arazo bihurtu. "Optikoak adituak dira, eta bezeroari aholkuak ematen dizkiote beti, baina gaixoak beti ziurtatu behar du eguzkitako betaurrekoak Europako Ekonomiaren Erkidegoak homologatuta daudela, eta haren logotipoa daramatela", zehaztu du espezialistak.

   Gainera, kolore ezberdinetako betaurrekoak daude lortu nahi den babesaren arabera. Adibidez, laranja eta gorri kolorekoek kontrasteak areagotzen dituzte, eta, beraz, goi mendirako edo ur kiroletarako erabiltzen dira "erradiazioa ez delako soilik sartzen dena, baita islatzen duena ere", azaldu du oftalmologoak.

    Azkenik, Zabaletak haurren artean eguzki betaurrekoen erabilpena areagotu behar dela adierazi du. "Eguzkitako betaurrekoak haurrengan ezinbestekoak dira, arrazoi hauengatik: fotofobia handiagoa daukate, erretina ez hain garatua eta askoz ere gardenagoa daukate, eta argi gehiago sartzen zaie begietan eta horrenbestez, babesgabetasun handiagoa daukate".