UEMAk hizkuntza-ekologiari eta lurralde euskaldunei buruzko topaketa egingo du Azpeitian (Gipuzkoa) apirilaren 14an

Actualizado: domingo, 10 abril 2011 12:41

DONOSTIA, 10 Abr. (EUROPA PRESS) -

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere 20 urteko ibilbidea eta hizkuntza-ekologia lotuko dituen topaketa bat antolatu du. Hitzordua Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin aretoan izango da, apirilaren 14an, goizez, UEMAko iturriek jakinarazi dutenez.

Erakundeko arduradunen arabera, topaketaren gai nagusiak UEMAren 20 urteetako ibilbidea eta etorkizunerako UEMA izango dira. Horrekin lotuta, lurralde euskaldunetan hizkuntza-ekologiaren teoriaren, planteamenduen eta ikasbideen aplikazioa ere aztertu nahi dute.

Topaketaren baitan bereziki garrantzitsua izango da Albert Bastardas katalanaren ekarpena. Bastardas Bartzelonako Unibertsitateko irakasle katedraduna da, Hizkuntzalaritza Orokorreko sailean, eta hainbat ikerketa esparru jorratu ditu: soziolinguistika katalana, hizkuntzaren soziologia, hizkuntz ukipena eta dinamika soziolinguistikoa, hizkuntza-ekologia, hizkuntza-iraunkortasuna, hizkuntza-subsidiaritatea, hizkuntza-normalizazio prozesuak, hizkuntza eta identitatea edo Kataluniako eta Espainiar estatuko hizkuntz aniztasuna.

Topaketa honekin helburu hauek bete nahi ditu UEMAk: batetik, hautetsiak (gaur egungoak eta etorkizunekoak) eta, oro har, hizkuntzaren arloan lan egiten dutenek euskararen biziraupenerako arnasgune diren herriek duten garrantziaz jabetzea, eta, bestetik, euskararen gune hegemonikoak babestearen beharraz ohartaraztea. Asmoa ez da bertaratuak entzule soil izatea, eta, horretarako, kafe tertulia prestatu dute, kafea hartu bitartean entzundakoaz hausnartzeko eta eztabaida pizteko.

Lan horretan guztian, Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia-Gipuzkoa Kutxak laguntza eman dute.

Topaketan izena emateko epea apirilaren 11n bukatuko da. Parte-hartzaileen kopurua mugatua izango da, eta izena emateko 15 euro ordaindu beharko dira. Bazkaltzen geratzeko aukera ere izango da, eta bazkaltzen geratzeko asmoa duenak eskaera orrian adierazi beharko du. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa izango da.