UEMAko beste zazpi udalek jaso dute helegitea aktak euskaraz bidaltzeagatik

Actualizado: martes, 13 enero 2015 11:39
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) beste zazpi udalek jaso dute helegitea aktak euskaraz bidaltzeagatik. Zehazki, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalak ere auzitara eramango dituela jakinarazi du UEMAk. Gainera, Berastegiko Udalarekin egin bezala, Zeraingo Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiaren aurkako helegitea ere jarri du.

   Modu honetan, UEMAk iragarri duen bezala, aipaturiko zazpi udalak, duela hilabete helegitea jaso zuten Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalei gehitu zaizkie.

   Maren Belastegi UEMAko lehendakariak "oso larritzat" jo du helegiteen ondorioz udalek bizi duten egoera. Izan ere, bere hitzetan, "une hauetan euskararen ofizialtasuna bera ari da zalantzan ipintzen". "Helegiteon bitartez, esaten ari zaizkigu euskarak, erdara ere erabili ezean, ez duela balio ofizialik administrazio arteko harremanetarako. Eta kontua da, gaur egungo euskararen legea oinarri hartuta, ez daukagula epaitegiek arrazoia emango diguten ziurtasunik", esan du.

   Belastegiren iritziz, "benetan kezkagarria da euskararen aurkako erasoaldi hau hartzen ari den tamaina", eta Urquijok UEMAk bultzatzen dituen hizkuntza irizpideen aurka "zuzen zuzenean" jo duela salatu du, Berastegiko eta Zeraingo udalek UEMAn sartzeko hartutako erabakiari ere helegitea ezarriz.

   Egoera honen aurrean "bat eginda erantzutea behar beharrezkoa" dela azpimarratu du. "Euskara sustatzeko lanean ari garen eragile guztiok, modu bateratuan erantzuteko unea iritsi da", gaineratu du.

   Babes hori soluziobideekin zuzenean lotu du UEMAko lehendakariak, eta helegiteak jaso dituzten udalei babesa adieraztea nahikoa ez dela nabarmendu du. "Helegiteak bata bestearen gainean pilatzen ari dira, eta jada, esan dezakegu Urquijoren jardunak baldintzatu egiten duela euskararen sustapenean dihardugunon ahalegina", ohartarazi du.

   Belastegiren ustez, 2015. urtean, "ez da onargarria" euskaraz aritzeagatik epaitegietara joan behar izatea. "Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean, baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere", azaldu du.