UEUk "Hizkuntzaren lurralderatzea" saio irekia egingo du larunbatean Eibarren

Actualizado: viernes, 11 noviembre 2016 12:36

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "Hizkuntzaren lurralderatzea" saio irekia antolatu du larunbatean, azaroaren 12an, Eibarko Markeskoa jauregian, UEUk berak bultzatzen duen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) berezko titulua den Lurraldea eta Hizkuntza: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa graduondokoaren baitan.

UEUk jakinarazi duenez, hizkuntza politiken eta lurralde politiken artean dauden harremanetaz hausnartzea da larunbateko mahai inguruaren helburu nagusia. Horretarako, hizkuntzaren lurralderatzea nolabait landu duten zenbait jarduera teoriko-praktiko aurkeztuko dira, eztabaidarako abiapuntu gisa: arnasguneen teoria, Ipar Euskal Herriko elkargo berriaren hizkuntza aukerak, Nafarroa Garaiko zonifikazioa eta atzerriko zenbait esperientzia interesgarri.

Ekitaldia 09:00etatik 14:30era izango da, UEUren Ikastetxe Nagusian, Markeskoa jauregian, eta Kontseiluko Iker Salaberriak (arnasguneen teoria), Maineko Unibertsitateko Eneritz Zabaletak (Ipar Euskal Herriko elkargo berriaren hizkuntza aukerak), Dabid Anaut euskara teknikariak (Nafarroako zonifikazioa) eta Kontseiluko Paul Bilbaok (nazioarteko esperientziak) parte hartuko dute. Moderatzailea Paul Bilbao bera izango da.