UEUren 45. Udako Ikastaroen balorazioa "oso positiboa" izan da

Irati Iciar
UEU
Actualizado: lunes, 17 julio 2017 12:31

BILBO, 17  (EUROPA PRESS)

Irati Iciar Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroen arduradunak 45. edizioaren balorazio "oso positiboa" egin du, eta ezaugarri nagusia "pertsonen arteko elkarrekintza" izan dela nabarmendu du.

"45. edizio honen balorazioa oso positiboa da. 600 izen emate inguru jaso ditugu, 100 irakasle inguruk parte hartu dute. Orduan, balorazio positiboa egiten dugu partaidetzaren inguruan, baina baita Udako Ikastaroen antolaketan bertan islatu nahi izan dugun 'Elkar Ekin' horren balorazio positiboa. Partaide asko, erakunde asko, lurralde ezberdinetakoak. Oso gustura gaude aurtengo edizio honekin", adierazi du.

Ikastaroen diseinurako 110 proposamen inguru jaso izana nabarmendu du Iciarrek, elkarlana "ezinbestekoa" baita arlo akademikoan eta bestelakoetan, hala nola azpiegiturak lortzeko. Horrela izan da aukera Baionan, adibidez, Iker zentroa, AEKren Ereintza euskaltegia edo Euskal Erakunde Publikoaren egoitza. Halaber, Iruñean NAPI edo Katakrak erabiltzeko aukera izan da, Usurbilen Udarregi Ikastola eta Donostian Hirikilabs.

JARDUNALDIAK

Gaurkotasunari lotutako ikastaroak eta ohiko unibertsitateetan lantzen ez diren gaiak izan direla azpimarratu du, eta ikastaroak arlo teknikoagoetako profesional eta eragileen topagune ere izan direla. Ildo horretan, esan du "gero eta toki eta pisu gehiago edo garrantzi handiagoa" daukatela profesionalen jardunaldiek.

"Ikusi dugu Udako Ikastaroak, uda garaia, gune interesgarriak direla profesional horiek ere biltzeko. Aurten, adibidez, hizkuntzalariak izan ditugu, komunikazio munduko teknikari edo langile edo profesionalak telebista publikoaren inguruan hausnartzen, eta beste hainbeste", azaldu du.

Azkenik, Iciarrek adierazi du Udako Ikastaroak etengabeko formakuntzaren filosofiaren barnean ulertu behar direla, eta haien "alde informala" ere nabarmedu du, "klasetik kanpo gertatzen den hori". "Horregatik ikastaro guztiek aldi berean egiten dute atsedena, ondoan dauden gainerako ikasleak ere ikusteko, elkarrekin bazkaltzeko aukera ematen dugu. Alde informal hori ere oso garrantzitsua delako. Pertsonen arteko elkarrekintza hori. Nire ustez hori da Udako Ikastaroen ezaugarri nagusia", esan du.