Ugaldeguren industrialdeko trenbide-pasaguneak itxiko dira bihar, Derion (Bizkaia)

Actualizado: lunes, 31 enero 2011 17:42

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Ugaldeguren industrialdera joateko trenbidearen sestra bereko bi pasaguneak itxi egingo ditu bihar. Pasagune nagusia itxi egingo da ibilgailuentzat, baina oinezkonetzat irekita jarraituko du, Derioko Udalak (Bizkaia) eskatu zuen moduan.

Obra hori, trenbide-sarean dauden sestra bereko pasaguneetan arriskua txikitzeko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila burutzen ari den egitasmo orokorraren barruan sartzen da, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Obrak Zamudioko eta Derioko udalekin koordinatuta egin dira; besteak beste, Asua errekaren gainean hiru baoko zubi bat eraiki da, beste bat bikoa, trenbidearen beraren gainean beste bat eta beste bat auzobide baten gainean, eta BI-737 errepidetik industrialdera sartzeko biribilgunea, 2010eko abenduaren 23an inauguratu zena.

Horretaz aparte, hornidura-zerbitzuak aldatu eta lehengoratu egin dira, bideak guztiz urbanizatu dira, espaloi, baranda, drenaia eta argiak jarriz, eta trenbide-pasaguneak ixteko lanak egin dira, bai eta bidegurutzekoak kentzekoak ere.

Bide berriak 600 metro pasatxo ditu; bi espaloi (2,5 metroko zabalerakoak) eta bi erreiko galtzada (bakoitza 3,5 metroko zabalerakoa eta 0,5 metroko arekekin).

Obraren aurrekontuak 4,4 milioi euro egin ditu. Sarbidea 2010eko abenduaren 23an ireki zen, eta hiru bidegurutzeak, udalekin elkar hartuta, pixkanaka itxi dira, urtarrilean zehar.