Umore Azoka Leioaren 18. edizioa hasiko da ostegun honetan

Aurtengo edizioaren kartela
UMORE AZOKA LEIOA
Actualizado: jueves, 18 mayo 2017 17:03

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azoka Leioa kaleko artisten azokaren 18. edizioa hasiko da ostegunean, maiatzaren 18an, eta mundu osotik heldutako 50 konpainia eta 150 emanaldi eskainiko ditu igandera bitartean. Erabateko estreinaldiak izango diren 21 ikuskizun izango dira, baita Estatuan estreinatuko diren bederatzi lan, kaleko bi estreinaldi eta 'work in progress' saio bat.

Halaber, aurreko edizioan egin zen bezala, aurten ere Umore Azoka Leioak lekua gordeko du herriko kolektibo artistikoetarako, "Tokiko Eszena" ekimenaren bitartez.

Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea izango da XVIII. Umore Azoka Leioa irekitzeko arduraduna, eta ekitaldia arratsaldeko 18:15ean izango da, Bizkaiko herriko Udaletxeko plazan.

Azokak irauten duen lau egunetan Leioara hurbiltzen direnek aukera zabala izango dute, modu librean edo antolatzaileek proposatutako ibilbide artistikoak jarraituz.

Euskal Herriko konpainiei dagokienez, aurtengo edizioan talde hauek hartuko dute parte: Amaia Elizaran, Bilaka, Cía. Barré, Cía. Tornado, Compañía Eva Guerrero, Compañía Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cía., Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza & Brodas Bros, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Tetes de Mûles, Trapu Zaharra, eta Turukutupá. Guztiek ikuskizun bana eskainiko dute, bi eskainiko dituen Haatik Dantza Konpainiak izan ezik.

Halaber, Euskal Herritik kanpokoko taldeei dagokienez, azpimarragarria da Kataluniako konpainien presentzia, bederatzi ordezkari bertatik helduko baitira. Gainera, Frantziako lau konpainia ere izango dira Leioan.

AZOKA PROFESIONALA

Bestalde, Umore Azoka Leioaren jarduera ez da ikuskizun artistikoetara mugatzen, orogramaren oso parte garrantzitsua jarduera profesionalarekin lotuta baitago. "Bere izenak adierazten duen bezala, Umore Azoka Leioa azoka bat da, artistentzako eta programatzaileentzako topalekua, bertan esperientziak konpartitzeko eta joera berriak ezagutzeko, baina, batez ere, merkatu bat da, Leioan euren programazioetarako ikuskizunak aukeratzen, akordioak ixten eta kontratuak sinatzen dituzten ehun profesional baino gehiago etorriko direlako", azaldu dute antolatzaileek.

Aurtengo ediziorako aurreikusi diren jarduera paraleloen artean, hainbat erakunderen bilkurak daude, besteak beste, Sarea Antzokien Euskal Sarearena eta Patea Kaleko Arteen Profesionalen Elkartearena. Horrez gain, kaleko arteen gizarte balioari eta kontakizun mediatikoari buruzko gogoeta jardunaldiak eta Artekale Espazioan egingo diren topaketa azkarren edo 'speed meeting' izenekoen saioak ere egongo dira.

Iazko datuen arabera, 38.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Umore Azoka Leioara, udalerriko hiriguneko 30 espazio eszeniko inguruetan. Aurten ere, parte hartuko duten 200 artista baino gehiagorekin elkartuko diren sektoreko 200 profesional baino gehiagoren presentzia espero da.