Umore surrealista eta Francisco Ibañez izango dira Bilboko Barrea Nazioarteko Astearen protagonistak

Actualizado: jueves, 22 septiembre 2011 17:15

BILBO, 22 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Barrea Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Asteak umore surrealistari eskainiko dio bigarren edizioa eta Mortadelo eta Filemon komikien pertsonaia mitikoak sortu zituen Francisco Ibañez marrazkilaria omenduko du. Ibañezek berak jasoko du II. BBK-Bilboko Barrea Saria.

Irailaren 28tik urriaren 2ra arte ospatuko da, eta Frederic Beigbeder, Elvira Lindo, David Lodge, Montero Glez, Luis Magrinya, Fernando Marias, Luisa Etxenike, Carmen Posadas, Manuel Rodriguez Rivero, Rosa Belmonte, Mercedes Abad, Fernando Aranburu, Nuria Barrios, Tatiana Pigariova eta Albert Boadellaren mailako idazle eta zutabegileen partaidetza izango du.

Bilboko Barrea Nazioarteko Asteak hiru eszenatoki izango ditu. Horrela, alde batetik, Kale Nagusiko BBK Aretoan, mahai-inguruak, hitzaldiak eta egileekin topaketak, "Juan Carlos Eguillor El Correon" erakusketa eta, aurtengo berrikuntza gisa, Pedro Reyes umoristaren emanaldia egingo dira.

Bestalde, Areatzan ezarritako karpetan, liburuen salmenta eta sinadura ekitaldia egingo da gonbidatutako egileen partaidetzarekin. Halaber, literaturaren berrikuntzen aurkezpenak, kontzertuak, haurrentzako ekitaldiak, film laburren proiekzioak eta Francisco Ibañezen lanaz osatutako erakusketa izango dira. Gainera, Arriaga plazan, Le Snob suzko orkestra mugikorrak "Glissendo" ikuskizuna eskainiko du.

Azkenik, AlhondigaBilbao zentroan, inaugurazio ekitaldian parte hartuko duen Jacques Carelman margolari frantsesaren "Objektu ezinezkoen Katalogoa" izenburuko erakusketa bitxi bezain bikainaz gozatzeko aukera izango da.

Argitaletxeen berrikuntzekin batera, umorezko kontakizunez osatutako "La Risa de Bilbao/Bilboko Barrea" bildumaren bigarren liburukia ere aurkeztuko da. Gainera, Alberdania argitaletxeak plazaratuko duen "El hombre del cartapacio" liburuak, Juan Bas-en hitzaurrea eta Pedro Ugarte, Miguel Gonzalez San Martin, Harkaitz Cano, Nuria Barros, Elvira Lindo, Berta Marse, Ricardo Menendez Salmón, Ramiro Pinilla, Manuel Manzano eta Fernando Iwasaki idazleen lanak bilduko ditu.

Horrez gain, publikoak Bilboko Barrea Nazioarteko Astean zuzenean parte hartzeko aukera ere izango du, Umorezko Mikroipuinen II. Lehiaketari esker.