Unescoko ebaluatzaileek Geoparkera egindako hiru eguneko bisitak "sentsazio onak" utzi ditu

Unescoko ebaluatzaileak Geoparkean
GEOPARKEA
Actualizado 2018/07/13 14:18:58 CET

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Unesco erakundeko bi ebaluatzailek Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketa eta azken urteetako aurrerapausoak aztertu dituzte aste honetan egindako hiru eguneko bisitan, Unescoren Munduko Geoparke izendapena beste lau urtez berresteko helburuarekin, eta bisitak "sentsazio onak" utzi dituela jakinarazi dute Geoparkeko arduradunek. Azterketaren emaitza 2019ko martxoan jakingo da.

Irlandako Copper Coast Geoparkeko zuzendari Mike Sweeney eta Japoniako Unzen Volcano Geoparkeko zuzendariorde Marekazu Ohno izan dira Geoparkea aztertzeko ardura izan duten bi ebaluatzaileak. Bi adituek txostena egingo dute, ondoren Unescoren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

Ebaluatzaileek agenda bete-betea izan dute asteartetik ostegunera egindako bisitan. Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu dituzte eta Deba, Mutriku eta Zumaiako udaletako eta instituzio ezberdinetako ordezkariekin elkartu dira, baita bestelako eragile eta Geoparkeko erakunde kolaboratzaileekin ere.

Unescoko ebaluatzaileen bisitak "sentsazio onak" utzi ditu Euskal Kostaldeko Geoparkean. Leire Barriuso Geoparkeko gerentearen hitzetan, "ebaluatzaileek positiboki baloratu dute gogo handiz burutzen ari garen lana bertako ondare geologikoa balioesteko eta nola uztartzen den geologia gure kulturarekin eta historiarekin. Bertako instituzio ezberdinen eta eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlan estua ere azpimarratu dute". Azterketaren emaitza 2019ko martxoan emango dute ezagutzera.

Honi loturik, datorren astean, Leire Barriuso bera eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoa ebaluatzaile gisa joango dira beste bi geoparke aztertzera: Barriuso Txinako Lushan Geoparkera eta Hilario Alemaniako Ries Geoparkera.

Contador