Unibertsitate tasak izoztuta mantenduko dira datorren ikasturtean EAEn

Unibertsitate Kontseilua
HEZKUNTZA SAILA
Actualizado: miércoles, 12 julio 2017 13:43

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Unibertsitate tasak izoztuta mantenduko dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2017/18 ikasturte akademikorako. Jaurlaritzak eskatuta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak hartu duen erabakiari esker, ikasleek ez dute esfortzu ekonomikoa areagotzeko beharrik izango unibertsitate ikasketak egin ahal izateko.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, erabakia gradu guztietan aplikatuko da (esperimentaltasun maila dena dela), bai eta matrikula guztietan ere, lehen matrikulazioan zein deialdi ezberdinen ondoriozko hurrengo matrikulazioetan. Master ikasketetako tasak ere izoztuko dira 2017-18 ikasturterako.

Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak hartu duen erabakiarekin, tasek ez dute inolako aldaketarik izan azken hiru ikasturte akademikoetan (2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018). Azken aldaketa 2014-2015 ikasturtean izan zen, eta %0,4ko igoera aplikatu zen, KPIak izandako hazkundeak adina.

Halaber, Adolfo Morais Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ikasturte honetan emandako beken eta kurtso berrirako zenbatekoen berri eman dio Ikasleen Kontseiluari.

Horrela, bukatu berri den ikasturtean zehar, 13.314 ikaslek bekaren bat jaso dute, beken deialdi ezberdinetan (beka orokorra, desgaituentzako garraiorako, bikaintasunerako, IkasIker lankidetza bekarako edo Erasmuserako). Banatutako beka guztien artean, 11.510 beka orokorrak izan dira, eta 39,6 milioi euroko inbertsioa egin da programa ezberdinetan.

2017-18 ikasturtera begira, Eusko Jaurlaritzak "konpromisoa eta esfortzu ekonomikoa" mantenduko du, unibertsitate sistemarako sarbidea errazteko bere helburuarekin bat. "Euskal gizartean kalitatezko unibertsitate sistema baten alde egin du urteak igaro ahala eta horren zio nagusienetako bat finantzazio publiko handia izan da, ikasleko egiten den finantza esfortzu publikoari dagokionean, irakasle-ikertzaileko egiten den esfortzuari dagokionean, tasei dagokionean eta euskal unibertsitate publikoaren aurrekontuei begira egiten den finantza esfortzuan ere", azaldu du.