Unibertsitateko hamar ikaslek nanoGUNEren ikerketetan praktikak egiteko aukera izango dute

Ikertzaile bat lanean
CIC NANOGUNE
Actualizado: viernes, 6 febrero 2015 10:29

DONOSTIA, 6 Feb. (EUROPA PRESS) -

CIC nanoGUNE ikerketa zentro kooperatiboak udan hilabete eta erdiko edo bi hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango die unibertsitateko Fisikako, Kimikako, Biologiako, Ingenieritzako eta Matematikako 3. eta 4. mailetako hamar bat ikasleri.

Donostian dagoen zentroko arduradunek adierazi dutenez, gaur egun, ikasleek "sekula baino ahalegin handiagoa" egin behar izaten dute etorkizunean aukera gehiago eduki ahal izateko eta, bide horretan, nanoGUNEk "aukera paregabea" eskaintzen die unibertsitateko ikasleei, puntako ikerketa zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutu ahal izango baitute.

Horrela, unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera arituko ahal izango dira benetako ikerketa proiektuetan, hala nola nanomagnetismo, nanooptika, nanobiomekanika, automihiztadura, gailu nanometriko, teoria, nanomaterial edo nanoirudiaren arloetan.

Guztira, 14 proiektutan aritzeko aukera izango dute ikasleek, eta nanoGUNEren webgunean (www.nanogune.eu/en/join-us/summer-internships-2015/) aurkitu ditzakete proiektu horiei buruzko informazio xehea, praktikaldiaren iraunaldia, ordainsaria, ordutegiak eta langaiak, besteak beste.

Interesdunek otsailaren 28a baino lehen bidali beharko dute mezu elektroniko bat webgunean agertzen den helbidera, beren espediente akademikoaren agiriarekin eta curriculum vitaearekin. Hautatzen diren ikasleei martxoaren 13ettik 20ra bitartean egingo zaie elkarrizketa.

Donostiako nanoGUNE ikerketa zentro kooperatiboa nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egiteko eta Euskal Herriaren hazkuntza ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko xedearekin sortu zen.