Unibertsitatetik kanpoko ikasleria %2,2 hazi zen 2011/12 ikasturtean Euskadin

Ikasle talde bat
UCLM/EP
Actualizado: lunes, 18 marzo 2013 12:10

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Guztira 415.500 ikasle aritu ziren 2011/12 ikasturtean ikasketa ez-unibertsitarioren batean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), hau da, aurreko ikasturtean baino %2,2 gehiago. Haietatik 383.654 (%92) araubide orokorreko ikasketetan aritu ziren, eta 6.533 matrikula berri egin ziren, hots, %1,7 gehiago, Eustaten datuen arabera.

Araubide bereziko ikasketetan 31.846 matrikulazio izan ziren, aurreko ikasturtean baino %9 gehiago. Araubide berezikoetan eginiko hamar matrikulatik bederatzi Hizkuntza Eskola Ofizialetan egin ziren, hau da, 27.825 ikasle guztira. Ikasle kopuruan bigarren Musika zegoen, 2.767 pertsona aritu baitziren. Gainerako ikasketetan, Kirol ikasketetan 515 aritu ziren, Arte Plastiko eta Diseinuan 407, Goi mailako artistikoetan 229 eta Dantzan (103).

Zentro publikoan edo pribatuan aritzeko orduan, araubide orokorrekoetan ikasle-banaketa orekatua izan zen maila guztietan; salbuespenak Lan Hezkuntza, maila ertainekoa (%62 publikoetan) eta HH (Helduen Hezkuntza, %98) izan ziren.

Araubide Bereziko Irakaskuntzetan aniztasun handiagoa izan zen ikasi beharrekoen arabera, prestakuntza-programa hauetan zentro-kopurua txikiagoa delako eta eskaintzak asko baldintzatzen duelako aukeraketa. Hizkuntza, Dantza eta Goi mailako artistikoak zentro publikoetan ikasten dira, bestelako eskaintzarik ez dago-eta. Musikan, Kirol irakaskuntzan eta Arte Plastikoetan, publikoetan %66, %51 eta %43 aritu ziren, hurrenez hurren.

Maila ertaineko lan hezkuntzan ikasle kopurua jaitsi egin zen zenbait urtez, baina 2011/12 ikasturtean, hirugarren urtez jarraian, nabarmen hazi zen, 11.990 ari baitziren, %5 gehiago. Orain hiru ikasturteetako kopuruarekin alderatuz gero, %17 hazi da. Neurri txikiagoan hazi zen Goi mailako lan hezkuntza (%1,7), 17.689 matrikularekin; aurreko bi ikasturteetan %10 eta %5 hazi zen.

Haur hezkuntzan (96.577) eta Lehen mailan (120.288) izan zen matrikularik gehien, eta Araubide orokorrekoetan aritu zirenen %56 izan ziren. Hamar urte dira maila hauetan hazkundea izan dela, neurri ezberdinez eta bakarrak izanik; %1,9 eta %2,6ko hazkundeak izan ziren azken iaksturtean.

Halaber, adierazgarria izan da DBHn aritutako ikasleen kopurua -72.144-, 1.628 matrikula berrirekin (%2,3 gehiago). Izan ere, orain hamar urte haur eskoletan izaniko igoera ari da igartzen gaur egun DBHn.

ATZERRITARRAK

2011/12 ikasturtean 34.341 atzerritar matrikulatu ziren, guztien %7,3. Haietatik 32.774 araubide orokorrekoetan eta 1.567 berezietan matrikulatu ziren. Bizkaian aritu ziren ikasle atzerritar gehienak (guztien %50), eta ondoren Gipuzkoan (%27) eta Araban (%23). Arabak izan zuen proportziorik handiena.

Araban bizi ziren ikasle atzerritarren %85 -6.619 gazte- Gasteizen aritu ziren, Bilbon Bizkaikoen %40 -6.889- eta Gipuzkoakoen %30 -2.780- Donostian.

Azken bederatzi urteetan ikasle atzerritarrak ugaritu egin dira 2003/04 ikasturtean ari zirenak hiru aldiz izan arte, eta hori lurralde guztietan gertatzen da. Ikasturte honetan geldialdia dago, baina bada alderik lurraldeen artean: Araban 298 ikasle gehiago (%+4); Gipuzkoan 67 gehiago (%+0,7); eta Bizkaian 356 gutxiago (%-2). Ikasle atzerritarren %76 zentro publikoetan aritu zen, eta azken bederatzi urteetan joera ez da aldatu.

Bestalde, 2011. urtean Lehen maila 17.841 ikaslek gainditu zuten (%96,5). Portzentaje hori %97 izan zen neskatoen artean, eta %96 mutikoen artean. Bigarren hezkuntzan (DBH) 14.339 ikaslek lortu zuten gradudun titulua, hau da, aritutakoen %91ek. Nesken portzentajea %92 izan zen, eta mutilena %89. Batxilergoa %78k gainditu zuen, hau da, 11.495 ikaslek; nesken %80k eta mutilen %76k.

Maila ertaineko lan hezkuntzan, 3.795 ikaslek bukatu zuten zikloa (%80k), nesken %89k eta mutilen %74k, eta goi-mailan 6.807k, nesken %89k eta mutilen %84k.