Untxi haragiaren kontsumoa sustatzeko hitzarmena

Arriolabengoa (ezkerrean), Oroz eta Aduriz
IREKIA
Actualizado: lunes, 27 febrero 2017 16:53

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Untxi Ekoizleen Federazioak eta BM Supermerkatuak enpresak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako Sailaren babesarekin, bertoko untxi haragiaren kontsumoa sustatzeko eta bultzatzeko helburuarekin.

Hitzarmena astelehen honetan aurkeztu dute Euskadiko Untxi Ekoizleen Federazioaren lehendakari Xabier Arriolabengoak eta BM Supermerkatuak enpresaren Produktu Freskoaren arloko zuzendari Maria Jose Adurizek, Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz bertan zela, Donostiako BM Pagola supermerkatuan egin den ekitaldian.

Hitzarmenarekin, BM Supermerkatuak konpainiak tokiko lehen sektoreko ekoizlea eta ekonomia sustatzeko politika sendotu du, eta, Euskadiko Untxi Ekoizleen Federazioarekin batera (Euskadin gaur egun dauden untxi ekoizleen %100 hartzen du, hau da, 24 ekoizle), kalitate handiko produktua sortzen duen untxi hazkundearen sektorea sustatzeko helburua betetzen du.

Gainera, Jaurlaritzak eta BM Supermerkatuak-ek orain dela hiru urte sinatu zuten eta oraindik indarrean dagoen hitzarmenaren barruan sartzen da akordio berria. Hitzarmen horren bidez Euskadiko nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagaiak eta arrantzakoak ekoiztea eta merkaturatzea sustatu nahi da, Nirea programaren testuinguruan.

Orozek ekitaldian azpimarratu duenez, "hitzarmen hau profesionala, lehiakorra eta estrategikoa den lehen sektoreak egin duen apustuaren barruan sartzen da. Era horretako ekintzen bidez ekarpen garrantzitsu bat egiten zaio Euskadiko elikagaien ekoizpenaren garapenari, sustapenari eta merkaturatzeari".

Hitzarmenaren bidez, gainera, BM Supermerkatuak enpresak Bertako markarekin merkaturatuko du untxia dendetan. Bertako kateak duen marka esklusibo bat da eta hemengo produktua sustatzea du helburu; marka hori Euskadin ekoitzi eta hazitako produktu guztiei ezartzen zaie.