UPV/EHUk eta Bilboko Portuko Agintaritzak portuaren zaintza biologikorako lankidetza hitzarmena berritu dute

Goirizelaia eta Gorostiaga hitzarmena sinatu ondoren
EHU
Actualizado: miércoles, 30 noviembre 2011 18:29

BILBO, 30 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Iñaki Goirizelaiak eta Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari José Ramón de la Fuentek bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute "Bilboko Portuko zaintza biologikoaren plana. 2011ko kanpaina" gauzatzeko.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean eta Zoologia eta Animalien Zelula Biologia Sailean egingo dira lanak, José María Gorostiagaren zuzendaritzapean. Proiektua egitearen ordainetan, Bilboko Portuko Agintaritzak 86.106 euro ordainduko dizkio unibertsitateari.

Zaintza Biologikoaren Planaren helburu nagusien artean, portuko eta inguru hurbileko ekosistemaren une oroko egoera biologikoaren oinarri zientifiko zehatza Bilboko Portuari ematea dago. Halaber, UPV/EHUk ingurumen-aholkularitza emango du, ahal den neurrian ingurumena errespetatzen duen jarduera-ildo bati jarrai diezaion Portuko Agintaritzak. Beraz, Abrako ekosistemak izan ditzakeen inpaktuak arintzeko balizko neurri zuzentzaileen berri emango dio unibertsitateak Portuko Agintaritzari. Bestalde, portuko habitat berrietako (harri-lubetak, dikeak, kontradikeak eta kaiak) komunitate biologikoen eboluzioari buruzko informazioa emango dio.

Gainera, istripuek edo portuko askotariko jarduerek Abrako ekosisteman eragin ditzaketen kalteak ebaluatuko ditu unibertsitateak, jakintza zientifikoan oinarritutako informazio zehatza emateak alde batera utz baititzake egoera horietan itsas ekosisteman eragindako inpaktuei buruzko espekulazioak.

Halaber, Abrako zaintza-estazioetako egoera ekologikoa (EcoQ) ebaluatuko da Uraren Esparru Direktibaren (UED) jarraibideen arabera: asko aldatutako ur-masek (adibidez, portu-eremuetakoak) 2015ean gutxienez "potentzial ekologiko ona" lortzea eskatzen du. Helburu hori, lehen aldiz, 2010eko kanpainan ezarri zen.

18 URTE

"Bilboko Portuko zaintza biologikoko plana" 1994tik dago abian, duela 18 urtetik, eta bere helburua da Abrako hedatze-lanek -eraikuntza-fasean nahiz merkataritza-jardueretan bertan- ekosisteman eragin ditzaketen aldaketak ebaluatzea eta kontrolatzea.

Plan hori martxan jarri zenetik, UPV/EHUk portu-eremuko eta Abraren gainerako lekuetako datu biologikoen (flora eta fauna bentonikoak) base zabal bat lortu du, espazio (zaintza-estazio bateko eta besteko komunitate biologikoak konparatzea) eta denbora diferentziak (urteko aldaketak) aztertuta. Informazio biologikoarekin batera, ingurune fisikoari buruzko informazio osagarria eman da (argia, gazitasuna, uhertasuna eta solido esekiak).

Abrako zaintza-estazioetako komunitate biologikoetan erregistratutako aldaketek erakusten dute oro har joera positiboa egon zela 1994-2010 aldian; hautemandako inpaktu negatiboak tokikoak, aldi batekoak eta txikiak izan ziren. Ingurumen-aldaketekiko oso sentikorrak dira flora eta fauna bentonikoko espezie bioadierazle batzuk, eta espezie horiek une oro islatzen dute uraren kalitatea zer egoeratan dagoen.

Oso litekeena da hurrengo urteetan portuaren inguruko uraren kalitatea pixkanaka hobetzea Abrako uraren kalitate orokorra hobetzearekin batera.

Bilboko Portuko uraren azpian, hainbat animalia berezi bizi dira -hala nola itsas izarrak, bitxi-anemonak, olagarroak, txangurruak, kabrarrokak, algak, trikuak eta espirografoak-, eta ekosistema koloretsu, harrigarri eta ezezagun bat osatzen dute. Itsaspeko mundu garrantzitsu hori guztia Portuaren urak, biziaren aterpe dokumentalean dago ikusgai. Nakusarbe elkarteak egin du dokumentala, eta Bilboko Portuko Agintaritzaren babesa izan du.

Zaintza egiteko, zazpi sektoretan bereizi dituzte portuko urak eta ur atxikiak. Sektore bakoitzak bi estazio ditu, eta, beraz, 14 zaintza-estazio daude guztira: Punta Lucero, Punta Ceballos, Zierbena, Zierbenako kaia, Zierbenako 1. kontradikea, Zierbenako 2. kontradikea, 1. barne-dartsena, 2. barne-dartsena, Santurtzi, Ereaga, Arriluze, Areeta, Arrigunaga, Galea. Abrako kanpoaldean, bi erreferentzia-estazio daude (Matxilando eta Kobaron), 2011n sartu dituztenak lehen aldiz aztertzeko.