UPV/EHUko zientzialariak dira saturnoko ekaitz erraldoiari buruzko ikerketaren buru daudenak

Actualizado: miércoles, 6 julio 2011 20:59

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Ingenieritza Goi Eskola Teknikoan eta Agustín Sánchez Lavegaren zuzendaritzapean, komunitate zientifikoaren aintzatespena lortu du berriro ere Euskal Herriko Unibertsitateko Planetarioen Taldeak, Saturno planetako ekaitz erraldoiari buruzko nazioarteko ikerketaren liderra izanik.

AEBetako Nature aldizkari ospetsuan argitaratu berri den lanak "ulertzeko erronka handia" sortu duen fenomeno honi buruzko lehenengo hipotesiak ezarri ditu, eraztundun planetan eman den ekaitz hau espero zena baino bederatzi urte lehenago iritsi baita.

Orban Zuri Handia izenez ezagutzen dute astronomoek eguzki-sistemako fenomeno meteorologiko bakar hau, hau da, Saturnon jazotzen den ekaitz izugarri handi hau. Lurraren antzkeo tamaina du eta perturbazioa hedatu egiten da planeta osoa inguratuz, izen hori eman dion laino zuridun eraztuna eragiten duelarik.

Behaketa teleskopikoak egin diren 130 urteetan, fenomenoa erregulartasunez gertatu da Saturnoko urte lurtarrean, hau da, 29,5 urtetan. Hala ere, komunitate zientifikoaren harridurarako, 2010eko abenduan Japoniako astronomo afizionatu batzuek ekaitzaren lehenengo arrastoak antzeman zituzten, espero zena baino ia bederatzi urte lehenago.

Agustín Sánchez Lavega irakaslearen esanetan, "gaur, ekaitza hasi eta sei hilabete baino gehiago pasa direnean, jatorrizko guneak aktibo jarraitzen du, ahulduta dagoen arren. Ondorioz, gertaera meteorologiko bortitz hauek ulertzeko erronka handia eta sorpresa izugarria ditugu aurrean".

Nature aldizkariak argitaratu duen azken alean, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) irakasle honen zuzentzen duen taldearen fenomenoaren behaketei buruzko emaitzak eta horren gaineko lehenengo zergatia aurkeztu ditu.

Azterlan honetan Valladolideko Miguel de Cervantes Unibertsitate Europarreko, Fundació-Observatori Esteve Duran de Sevako (Catalunya), Caltar Altoko Behatokiko (Almeria), Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) eta Parisko Behatokiko (Frantzia) ikerlariek parte hartu dute. Halaber, UPV/EHUtik koordinatutako behatzaileen nazioarteko sare batek izugarrizko partaidetza izan du, planetako irudiak hartzen lagundu baitu, inongo eragozpenik gabe.

Ikerlan honek maiatzean Science aldizkarian argitaratu zen beste bat osatzen du. Aurreko azterketa horretan ere Agustín Sánchez Lavegaren taldeak hartu zuen parte eta tenperaturen alorrean eta ekaitzak Saturnoko atmosfera altuan sortu duen osaera kimikoan jasandako perturbazioak azaldu dira.

ONDORIOAK

Lanaren ondorioei dagokienez, Sánchez Lavega irakasleak esan du "fenomenoaren gainean egindako azterketen arabera, zurrusta gisa igotzen diren eta laino zuriak osatzen dituzten gas beroen zutabeak ez du Saturnoren paraleloen norabidean putz egiten duten haizeen ohiko jarioa ia aldatu ere egiten".

Hori oso garrantzitsua da, izan ere, bi teoria lehian daude haize horien jatorri energetikoa azaldu eta gas erraldoien meteorologia anitza ulertzerako orduan; batetik, eguzkitiko argia izan daiteke horren eragilea eta haizeak azalekoak lirateke, edo eta Saturnotik irteten den barne-beroa, kasu horretan haizeak sakonak lirateke.

Nature artikuluan publikatu den bezala, ekaitza eta horrek planeta-mailan izan duen eragina ondoen simulatu duten gure ereduek, ur-lainoetaraino haizeak sakon hedatu behar direla dio, hau da, eguzkiaren argia iristen ez den lekuetaraino, hian zuzen ere. "Hala izanez gero, lan honek aurreko azterketetan Jupiter eta Saturnori buruz esandakoa baieztatuko luke, haizeen jatorria beroaren barne-iturria dela berretsiz".

Saturnoko ekaitz erraldoi horien osaeraren prozesu fisikoa ezagutzeko jakinminaz aparte, fenomeno horien azterlanari esker hobeto ezagutu eta egiaztatu daitezke meteorologia eta Lurreko atmosferaren jarrera aztertzeko erabilitako ereduak, laborategi batean simulatu ezin den ingurune oso desberdinean.

Saturnoko ekaitzak Lurreko eskualde ekuatorial eta tropikaletan edo "tanta hotza" deitzen diren fenomeno hain hurbiletan gertatzen diren ekaitz bortitzak sortzen dituzten mekanismo fisikoen proba-bankuak dira, neurri batean.

Ikerketa astrofisikoa Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, hango irakaslea den Agustín Sánchez Lavegak, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldea zuzentzen du duela urte batzuetatik, eta, beste zeregin batzuen artean, 2005eko azaroan hasi zen eta Europako Espazio Agentziak sustatu zuen Venusen esploraziorako misioan lagundu du.

Talde honetako ikerlarien taldeak "Venus Express" espazio-ontzian instalatutako tresnarik konplexuenarekin egin du lan, planetako irudiak hartzea xede duen kamera espektralarekin, gehiago zehazteko.

Taldea Eguzki Sistemako planetetako atmosferak aztertzeaz arduratzen da batez ere, eta, gainera, IOPW (International Outer Planets Watch-Kanpoko Planeten Nazioarteko Behatokia) behatoki-sarea koordinatzen du eta PVOL (Planetary Virtual Observatory & Laboratory-Planeten Laborategi eta Behatoki Birtuala) software-tresna garatu du.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak Espazio Gela jarri zuen martxan 2009ko uztailean, profesional kualifikatuei prestakuntza eman eta astrofisikaren eremuko oinarrizko ikerketa aplikatua sustatzeko asmoz. Gelak behatoki astronomikoa du Eskolan bertan eta Euskadiko teleskopiorik handiena bertan dago.