URAk Villabonan eta Zizurkilen uholdeei aurre egiteko lanen bigarren fasea hasiko du ekainean

Lanak Oria ibaian egingo dira
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 22 mayo 2015 13:52

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikita dagoen URA Uraren Euskal Agentziak ekainean hasiko ditu Villabona eta Zizurkil udalerri gipuzkoarretan uholdeei aurre egiteko lanen bigarren fasearen lehen atala, Oria ibaian. Lanok 2.300.932,02 euroko aurrekontua dute, eta lanen iraupena 12 hilabetekoa izango da.

   Zehazki, URAk jakinarazi duenez, hiru dira egin beharreko nagusiak. Alde batetik, Oria ibaiaren ibilgua zabalduko da eta eskuineko ibaiertzan ura bideratzeko horma berria eraikiko da, Zubimusu zubiaren inguruan.

   Halaber, Zubimusuko zubiaren ur hustuketarako ahalmena handituko da, ur handitan zubiak emariaren joanari enbarazurik ez egiteko eta, ondorioz, ur maila gora egitea eta urak inguruko eremua hartzea saihesteko. Horretarako, Zubimusuko zubia birmoldatuko da da: erdiko baoa bere horretan utziko da (Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak katalogatuta dago), eta ezkerreko baoa zabalduko da nabarmen.

   Azkenik, Villabonako saneamendua hobetuko da: ibaiaren ibilgua zabaldu eta ura bideratzeko horma berria egitearekin batera, Villabonako hondakin urak bildu eta Adunako araztegira bideratuko dira, Oria ibaira isurtzea saihesteko.

   Hiru lan horiekin jarraituko da Zubimusuko zubitik ibaian gora jada egin den lehen fasearekin, eta ibaiaren ur goraldiekiko segurtasuna handitzea eta Oriara tratatu gabeko hondakin uren isurketa nabarmena etetea uztartuko dira.

   Orobat, lanok Oriaren egoera hobetzea ahalbidetuko dute: tratatu gabeko ur hondakinen isurketa eten, urak bildu eta araztegira bideratzen baititu. Horrela, uren kalitate fisiko-kimikoa zein, oro har, ibaiaren egoera ekologikoa hobetzeko urrats garbia emango da.