Urban Commerce topaketak eraldaketa digitala izango du ardatz urriaren 4an, Gasteizen

Iazko topaketaren irudia
GASTEIZKO UDALA
Actualizado 2018/09/14 13:52:41 CET

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak antolatzen duen Urban Commecer topaketaren hamabigarren edizioa urriaren 4an izango da, Arabako hiriburuko Europa Jauregian, eta merkataritza sektoreak egun bizi duen eraldaketa digitalaren inguruko eztabaida saioak izango ditu ardatz, merkataritza banaketaren konfigurazioan aldaketa handia eragiten baitu.

Nerea Melgosa Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorreko zinegotziak ostiral honetan aurkeztu du topaketa. Hamabi hizlari ospetsuk aztertuko dute merkataritza tradizionalak gero eta digitalagoak diren bezeroekin harremanetan jartzeko modua eta "txikizkako merkataritzaren (retail) apokalipsia" deritzoten garai honetan nola biziraun.

Laureano Turienzok emango du lehen hitzaldia, "Retail 5.0. Paradigma berria txikizkako merkataritzan" izenburupean. Turienzo merkataritza formula berrietan eta munduko txikizkako merkataritzaren joeretan nazioarteko aditua da. "Amazon 2018" txostenaren egilea da eta txikizkako merkataritzaren inguruan munduan gehien jarraitzen den gaztelaniazko blogaren egilea da. Bere blogak ia bi milioi bisita ditu. Bere hitzaldian azalduko du hirietako txikizkako merkataritzarentzat teknologia laguntza izan daitekeela, eta ez mehatxua bakarrik.

Turienzok topaketako lehen solasaldian ere parte hartuko du, munduan txikizkako merkataritzan izandako aldaketen eragina aztertzeko. Enpresen Administrazio eta Kudeaketan doktore Adela Balderasek dinamizatuko du solasaldia, eta Francesc Muñoz Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Hiri Geografiako irakasle eta Hiri Behatokiko zuzendariak, Daniel Latorre UNO logistika eta garraio enpresa elkarteko zuzendari nagusiak eta Alberto Emparanza Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Merkataritza Zuzenbideko katedradunak ere parte hartuko dute. Kontsumo ohituren aldaketak eta merkataritza elektronikoaren gorakadak sektorean duten eragina izango dute aztergai.

AMAZON

World kafe saioaren ondoren, "Amazon eta beste zenbait marketplace (merkatu-leku): aukera edo mehatxua hiri merkataritzan" izeneko solasaldia izango da. Mónica Casal merkatu lekuetan aditua den Tandem Up enpresako CEO eta Pablo Renaud merkataritza elektroniko eta merkatu lekuetan adituak galdera hauek erantzuten saiatuko dira: Hiri merkataritza txikiak badu lehiatzerik merkataritza elektronikoko enpresa handiekin?; Amazon gainditu beharreko etsaia da ala aliatua izan daiteke batzuetan?

Goizeko saioak bukatzeko, hainbat hiritako esperientziak aurkeztuko dituzte, besteak beste, Malaga, Madril edo Gasteizkoak. Eugenio Benitez Malagako Udaleko Merkataritza, Bide Publiko eta Enpresa eta Enplegu Sustapenerako zuzendari nagusiak, Guillermo del Campo Madrilgo Mercado de la Paz azokako zuzendari kudeatzaileak eta Ainhoa Barrio Gasteizko La de la Casa de las Fiestas saltokiko kudeatzaileak parte hartuko dute. Pilar Zorilla Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Merkaturatze eta Merkatu Ikerketaren arloko irakaslea izango da moderatzaile.

Urban Commerce 2018 topaketako berrikuntza nagusia gaueko jardunaldia izangop da. Bertan, Gasteizko merkataritza zaharra gogoratuko da, ondoen ezagutzen dutenetako hiru adituren eskutik: José María Ortiz de Orruño EHUko Historia Garaikideko Saileko irakaslea, Puente farmaziako Iñigo Puente eta Sosoaga gozotegiko Luis López de Sosoaga. Solasaldia 20.30ean hasiko da.

Contador