Urdulizeko ospitaleko larrialdi zerbitzua asteartean jarriko da abian

Urdulizeko ospitaleko larrialdi zerbitzua abian
IREKIA
Actualizado: lunes, 8 mayo 2017 13:35

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Urdulizeko Alfredo Espinosa Ospitaleak eskaintza zabaltzen jarraitzen du, eta asteartean, maiatzaren 9an, larrialdi zerbitzua jarriko du martxan. 2016ko uztailean inauguratu zenetik, Bizkaiko Uribe eskualdeko 175.000 bizilaguni eman die zerbitzua ospitale berriak.

Modu honetan, asteartetik aurrera, ospitaleko larrialdi zerbitzua zabalik egongo da urteko 365 egunetako 24 orduetan, Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urdulizeko bizilagunen osasun premia larriei erantzuteko.

Ospitaleko zerbitzu berria abian jarri aurreko egunean instalazio berrietan izan dira eta zerbitzu berrietan lan egingo duten profesionalekin elkartu dira Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Jon Darpon Osasun sailburua, Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusia eta Javier Bilbao Urdulizeko alkatea.

Urkulluk bere hitzaldian esan duenez, 38.000 metro koadro dituen eta eskualdeko biztanleei osasun zerbitzu berriak eskaintzen jarraitzen duen osasun azpiegiturak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak "batetik, Osakidetza zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatearen alde eta, bestetik, egunez egun hobetzen eta sendotzen jarraitzearen alde egindako apustua".

Asteartetik aurrera abian egongo diren larrialdi zerbitzuez gain, ospitalea abiarazteko bigarren fasean etxez etxeko ospitaleratze zerbitzua ere jarri da martxan, eta datozen egunetan kanpoko kontsulten zerbitzua zabalduko da espezialitate berriekin. Era berean, digestio endoskopiarako zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza gelak ere irekiko dira, eta oftalmologiarekin ere hasiko dira. Sei milioi eurokoa izan da bigarren fase honetan azken belaunaldiko ekipamenduan eta teknologian egindako inbertsioa.

Aurrerago, mediku eta kirurgia ospitaleratze zerbitzuak, kirurgia blokea eta erreanimazio unitatea martxan jartzen direnean, Urdulizeko ospitalea bete betean ariko da funtzionatzen. Onkologia eta eguneko mediku ospitalea abian jartzen direnean amaituko da prozesua.

Bisitaren amaieran Urkulluk azpimarratu du larrialdi zerbitzuetako instalazioak prestatu direla "pazientearen segurtasuna lehenesteko", eta "langile pertsonal gaitua eta azken belaunaldiko ekipamendua" izango dituztela haurrak nahiz helduak artatzeko.

Larrialdietarako zerbitzu berriak bi triaje postu (paziente larriari lehentasuna emateko lehenengo balorazioa), zortzi anbulatorio kontsulta, ebakuntza gela, bihotz biriketako erreanimazio gela, tratamendu gela, behaketa gela, X izpien gela, traumatologia gela, sendaketa gela eta boxetako 19 espazio ditu. Guztira 1.800 metro koadro dira.

32.000 KONTSULTA

Joan den urteko uztailean inauguratu zenetik, Urdulizeko Alfredo Espinosa Ospitalean 32.000 kontsulta eta 20.000 proba baino gehiago egin dira. Ospitaleak 38.000 metro koadro ditu zortzi solairutan eta hiru eraikinetan banatuta, eta bloke bakoitzak lurpeko bi solairu ditu.

Uztailetik pixkanaka abian jartzen joan diren baliabideei larrialdi zerbitzua eta etxez etxeko ospitaleratze zerbitzua batu zaizkie orain, eta laster abian jartzekoak dira kanpoko kontsultetako hainbat espezialitate, endoskopia zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza gelak.

Aipatutako zerbitzu berriez gain, honako kontsulta hauek daude Urdulizeko Ospitaleko zerbitzuen artean: kardiologia, arnas aparatua, erreumatologia, kirurgia orokorra, neurologia, endokrinologia, oftalmologia, barne medikuntza, traumatologia, otorrinolaringologia,
ginekologia, dermatologia eta urologia.

Halaber, honako zerbitzu hauek ere eskaintzen dira: erradiologia, ekografiak, TACak, telemandoa, mamografiak, erradiologia konbentzionala, ortopantomografiak, bai eta bularreko minbizia garaiz detektatzeko beharrezko probak edo bestelako proba osagarriak ere: ekokardiografiak, holterrak, EKGak, espirometriak, metakolina-testak, audiometriak, bertigo probak, proba optikoak, kolposkopiak, histeroskopiak, flujometriak eta abar.

Osatek sozietate publikoak Urdulizeko ospitalean eskaintzen duen zerbitzuari dagokionez, abian jarri zenetik orain arte 5.000 erresonantziatik gora egin dira. Horietatik gehienak sistema muskulu eskeletikoarenak, garezurrarenak eta bizkarrezurrarenak izan dira. Zerbitzua astelehenetik ostiralera ematen da, etenik gabe, 07:00etatik 22:30era bitartean.