Urdulizko ospitaleak Larrialdietako zerbitzua irekiko du datozen asteetan

Urdulizko ospitalea
IREKIA
Actualizado: viernes, 31 marzo 2017 11:05

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak zerbitzu berriak irekitzen jarraituko du datozen asteetan eta, lehenik, Larrialdietako zerbitzua jarriko da abian, Jon Darpon Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusiak Uribe osasun eskualdeko alkateekin ostiral honetan egin duten lan bileran iragarri dutenez.

Bileraren xedea izan da ospitalean aurreikusita dauden zerbitzu berrien gauzatzeaz eta sindikatuek ospitaleko garbitegi, garbiketa eta sukaldaritza zerbitzua kanpora ateratzearen aurka jarri dituzten helegiteen ondorioz ospitalizazio zerbitzuaren irekieran dagoen atzerapenaz informatzea eskualdeko toki agintariei.

Honela, datozen asteetan Larrialdietako zerbitzua abian jarriko dela iragarri diete eskualdeko alkateei, baita Kanpo Kontsultetako zerbitzua handituko dela ere, Endoskopia zerbitzua eta Anbulatorioko Kirurgia Handiko kirofanoak irekiz. Zentzu honetan, ireki denetik ospitaleak izan duen jarduera ere azaldu diete alkateei: 29.000 kontsulta baino gehiago eta 18.000 froga baino gehiago.

Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek Uribe eskualdeko alkateekin izan duten hirugarren bileran adierazi denez, ospitalizazio zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko dena prest badago ere, atzeratu egin beharko da, Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) garbiketa, garbitegi eta sukaldaritza zerbitzuak kanpora ateratzearen aurka sindikatuek aurkeztu duten helegitea onartu duelako.

Ildo horretan, alkateei jakinarazi diete Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari KEAOren erabakia etetea eskatuko zaiola aurreratu zaie alkateei, hori eginda Osakidetzako beste eskualdeko ospitale guztiek duten kudeaketa sistema berbera izango baitu Urdulizkoak. Horrela, Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek beste behin berretsi dute "Osakidetzan, erakunde publiko gehienetan bezala, garbiketa, ikuztegi eta sukaldaritza zerbitzua espezializatutako enpresen esku uztea erabakirik egokiena dela, funtzionario publikoen eskutan utzi ordez".

"GARAPENA PROZESU ZAILA"

Azkenik, Urdulizko ospitalearen arreta jasoko duten udalerrien alkateak zerbitzuen garapenaren eta irekiaren inguruan unean-unean jakinaren gainean izateko konpromisoa hartu dute Osasun sailburuak eta Osakidetzako Zuzendaritzak. "Garapena prozesu zaila da beti ere tamaina honetako ospitale batean", adierazi dute.

Bukatzeko, ospitale osoa ahalik eta azkarren irekitzeko xedearekin elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, eskualdeko 175.000 biztanleen mesederako.