Urdulizko ospitaleak ospitalizazio oheak erabilgarri izango ditu asteartetik

Urdulizko ospitalea
EUROPA PRESS
Actualizado: lunes, 18 diciembre 2017 12:29

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleak zerbitzuen eskaintza gehitzen jarraitzen du, eta, asteartetik, abenduaren 19tik, prest izango ditu ospitalizazio oheak Uribe eta Mungialdeko 175.000 biztanleen osasun beharrei erantzuteko.

Ospitalizazioko solairu berriak hartzen dituen eraikina astelehen honetan inauguratu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Jon Darpon Osasun sailburuarekin eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, besteak beste.

Joan den maiatzean pediatriarako eta helduentzako larrialdietako zerbitzua abian jarri ondoren, pixkanaka hedatzeko fase berrian ospitalizazio medikoko zerbitzuak jarriko dira abian. Horrek "aurrerapauso garrantzitsua" ekarriko du inguruko biztanleei ematen ari zaien arreta medikoaren kalitatean eta, era berean, neurri handian arinduko du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko metaketa.

Horrela, asteartetik, Urdulizko ospitaleko B blokearen eraikineko ospitalizazio solairuak ospitalizazio medikora bideratutako 64 ohe izango ditu. Ospitalean gaur egun 263 profesionalek egiten dute lan, eta zerbitzu berria martxan hasteko 33 osasun langile gehiago arituko dira lanean. Lantalde horretan 75 medikuak dira, 152 erizainak, 29 teknikariak eta 40 zeladore, administrazioko eta biltegiko langileak.

Geroago, profesionalen kopurua handituz joango da datorren urtean 2.000 ospitalizazio egitea espero baita. Gainera, Osakidetzak 41 profesional kontratatu ditu ospitaleko sukaldean eta garbiketa zerbitzuan emateko.

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea irekitzeko hasierako fasea 2016ko uztailean abian jarri zenetik zerbitzu berriak gehitu dira pixkanaka. 45 milioi euroko inbertsioa egin ostean, Eusko Jaurlaritzak kanpo kontsultak abian jarrita ekin zion ospitaleak bere jardunari. Espezialitate hauekin hasi zen: erreumatologia, kardiologia, oftalmologia, neurologia, traumatologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta urologia.

Halaber, erradiologia zerbitzua ere lehen fase horretan jarri zen abian, tresneria honetaz hornitua: erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN), erradiologia konbentzionaleko hiru aparatu, teleagintea, mamografoa, ortopantomografoa, ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) eta hiru ekografo.

Ospitale berriak gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko abangoardiako teknologia dauka, hala nola 1,5 teslako erresonantzia magnetiko digitala. Abian jarri zenetik 8.000 miaketa inguru egin ditu eta onura garrantzitsuak ekarri dizkie profesionalei zein pazienteei, bere diseinuak eta teknologia berriak eraginkortasun, sendotasun eta kalitate handiagoa ematen baitie miaketei, erosotasun handiagoarekin batera.

63.000 KONTSULTA

Urdulizko ospitalea ireki izanari esker, azken hilotan 63.800 kontsulta (2016an 18.800 eta 2017an 45.000), 38.000 erradiologia proba (2016an 8.250 eta 2017an 29.750), 14.000 proba (715 endoskopia, 1.300 ekokardiografia, 50 bronkoskopia, eta beste zenbait) eta 500 kirurgia operazio baino gehiago egin ahal izan dira, eta 16.200 larrialdiri eman zaie arreta. Orain, ospitalizazio zerbitzua abian jarri izanari esker, areagotu egin da ospitale honetan arreta izan dezaketen laguntza prozesuen kopurua eta konplexutasuna.

Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan banatuta dituen hamar ospitale orokorrei, egonaldi ertain eta luzeko hiru ospitaleei, osasun mentaleko lau ospitaleei eta 324 anbulatorio, osasun zentro eta kontsultategiei gehitu zaie Urdulizko ospitalea.

Urkulluren esanetan, Urdulizko ospitaleko ohe zerbitzua ireki izanak "ederki erakusten du Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoarekin duen konpromisoa". "Euskadin osasun zerbitzuak areagotzen eta hobetzen jarraitzen dugu. Datorren urtean Urdulizko ospitaleak bete-betean jardungo du eta, era berean, Eibarko Kronikoen Ospitale berria irekitzeko moduan egongo gara. Eusko Jaurlaritzak eta euskal gizarteak oro har, inongo zalantzarik gabe, babestu eta indartu behar dugun guztion ondasuntzat hartzen dugu osasun publikoa", adierazi du.