Urkulluk eta Masek hauteskunde orokorren ondorengo egoera aztertuko dute

Actualizado: jueves, 24 diciembre 2015 14:22

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Artur Mas Kataluniako Generalitateko jarduneko lehendakaria Bartzelonan bilduko dira datorren igandean, abenduaren 27an, aurreko egunean Camp Nou futbol zelaian jokatuko den Katalunia-Euskal Selekzioa partidaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako iturriek Europa Press berri agentziari adierazi diotenez.

   Joan den abenduaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorren emaitzen ondorioz Estatuan ireki den egoera politiko berria aztertzeko baliatuko dute igandeko topaketa bi agintariek. Hain zuzen, igandean bertan, CUPeko Biltzar Nazionalak Artur Mas Generalitateko presidente izendatzea babestu edo baztertu beharko du, Katalunian hauteskundeak egin zirenetik hiru hilabete igaro direnean.

   Bileraren aurreko egunean, larunbatean, bi agintariak Camp Nou futbol zelaiko palkoan izango dira, Kataluniaren eta Euskal Selekzioaren arteko partida ikusteko. Urkullu eta Mas maiatzaren 30ean bildu ziren azken aldiz egoera politikoari buruz hitz egiteko, Bartzelonak eta Athleticek Camp Noun bertan jokatu zuten Kopako finala zela eta. Aurretik, 2014ko abenduaren 28an elkartu ziren, Gasteizen.