Urkullu Vatikanoko Estatu idazkariarekin bildu da

Urkullu eta Parolin kardinala
IREKIA
Actualizado: viernes, 13 enero 2017 14:05

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Vatikanoko Estatu idazkari Pietro Parolin kardinalarekin bildu da ostiral honetan, Erromara egin duen bidaia ofizialaren azken egunean. Vatikano Hirian egindako bileran, Jaurlaritzaren jardueraren ardatz nagusiak aurkeztu dizkio Urkulluk, giza eskubideei buruzko agenda berria nabarmenduz.

Bileran, Urkullurekin batera, Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzako idazkari nagusia eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza egon dira.

Jaurlaritzako lehendakariak Vatikanoko Estatu idazkariari aurreratu dio gauzatzekotan den Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planeko ardatzetako bat erlijio eta kultur artekotasuna izango dela. Bi kontzeptuak daude sartuta giza eskubideen arloko XXI. mendeko agenda sortu berrian.

Urkulluk Jaurlaritzaren ardatz nagusiak gainbegiratu ditu. Alde horretatik, elkarrizketaren funtsa Lakuako Gobernuaren lanerako lau ardatzak izan dira: giza garapena, gizarte integrazioa, berdintasuna eta kalitatezko zerbitzuak; enplegua, ekonomia suspertzea eta iraunkortasuna; elkarbizitza eta giza eskubideak; elkarrizketan oinarritutako autogobernu eredua.

Halaber, Parolin kardinalari jakinarazi dio "oso kezkatuta" dagoela errefuxiatuen egoerarekin eta "Europako estatuetako gobernuen eta erakunde bateratuen erantzuteko gaitasun eskasarekin", eta adierazi dio horren aurrean "garrantzitsua" dela Gotzainen Batzarrek Korridore Humanitarioen ekimenak bultzatzea.

Bestalde, Urkulluk adierazi du ados dagoela joan den astelehenean Aita Santuak kidego diplomatikoaren aurrean adierazitako "harrera duina eman ahal izateko immigranteen, errefuxiatuen eta desplazatuen aldeko konpromiso bateratuarekin". Diskurtso horren araberra, "pertsona bakoitzak emigratzeko duen eskubidea bateratu behar da eta, aldi berean, immigranteak harrerako gizarte egituretan integratzeko aukera bermatu behar da euren segurtasuna, nortasun kulturala eta oreka politiko eta sozialak arriskuan daudela sentiarazi gabe; bestalde, immigranteek ez dute ahantzi behar hartzen dituzten herrialdeetako legeak, kultura eta ohiturak errespetatu behar dituztela".

"Europa sozialaren balioak berreskuratzearen garrantzia" ere azpimarratu du urkulluk Parolin kardinalarekin izandako bileran, eta Vatikanoko Estatu idazkariari adierazi dio "guztiz bat" datorrela Aita Santuak urtarrilaren 1ean Bakearen Egunerako irakurri zuen mezuarekin: "indarkeriarik eza, bakegintzarako politika egiteko modua".

PIETRO PAROLIN

Pietro Parolin kardinala Vatikanoko Estatu idazkaria da. Schiavonen jaio zen, Vicenza probintzian (Italia), 1955eko urtarrilean. 1980ko apirilaren 27an, 25 urterekin, apaiz egin zen, eta Zuzenbide Kanonikoa eta Diplomazia ikasi zituen. 2013ko abuztuaren 31ean Vatikanoko Estatu idazkari izendatu zuten.

Bere lanik esanguratsuenak Nigerian (kristauen eta musulmanen arteko harremanak) eta Mexikon egin ditu; Mexikon herrialde horren eta Vatikanoren arteko harreman diplomatikoak berreskuratu zituen. 2009an Venezuelako nuntzio izendatu zuen Aita Santu emerituak.

Euskadiko ordezkaritzarekin egindako bilera gaztelaniaz egin da, Estatu idazkariak lau hizkuntza baitakizki: italiera, ingelesa, frantsesa eta gaztelania. Estatu idazkaria arduratzen da egoitza santuko eginkizun politiko eta diplomatiko guztiez.