Hurrengo belaunaldiak herrialde garatuagoa izatea da Urkulluren "konpromisoa eta ilusiorik handiena"

Iñigo Urkullu
Europa Press
Actualizado: lunes, 29 febrero 2016 12:23

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du hurrengo belaunaldiari herrialde garatuagoa uzteko "konpromisoa" duela, eta hori dela bere "ilusiorik handiena". Halaber, beharrezko ikusten du prozesu horretan gazteek "aktiboki" parte hartzea eta lidergoa bere gain hartzea.

   Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetn, Euskadik bermatuta dauka belaunaldia berritzeko prozesua "arrakastaz" betetzea, eta, bere iritziz, "funtsezkoa" da gazteen kolektiboak prozesu horretan esku hartzea.

   Deusto Business Alumni elkarteak Deustuko Unibertsitateko liburutegian antolatu duen "Euskadi-Basque Country 2020 Belaunaldia" hitzaldian egin ditu adierazpenok Urkulluk, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela. Euskadiren helburuak eta konpromisoak azaldu ditu hitzaldian, datozen bost urteei begira.

   Horrela, erronka horien artean, milioi bat pertsona enplegatzea langabezia tasa %10etik beherakoa izateko, eta Euskadiko per capita aberastasuna Europako batez bestekoarekiko %125etik gorakoa izatea aipatu ditu Urkulluk, besteak beste. Halaber, "funtsezko helburutzat" jo du "euskal herritarrek berretsi beharko duten etorkizuneko estatus berria adostea, eta adostutakoa aldeek betetzea".

"EUSKADI GAZTEEKIN KONPROMETITUTA"

   Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogorarazi duenez, helburu horiek "Euskadi gazteekin konprometituta" dagoelako seinale dira. Izan ere, bere ustez, "gazteek zeresan handia izan behar dute herrialdea berritzeko eta eraikitzeko prozesuan, eta horren liderrak izan behar dira". "Hurrengo belaunaldiak, euskal gazteek, herrialdean etorkizuna izatea eta garapenean aktiboki esku hartzea da nire ilusioa", ziurtatu du.

   Horretarako, Urkullu talentuaren eta lan profesionalaren alde agertu da, hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza teknologikorako gaitasuna hobetuta. Era berean, euskal enpresen eraldaketa prozesuari eustea defendatu du, aberastasun iturri izan daitezen aurrerantzean ere. "Gazteen ekarpena funtsezkoa da, eta enpresak ohartu behar dira gazteei lana ematea egokitzapen teknologikoa gauzatzeko eta merkatu globalean hazteko aukera izatea dela", gaineratu du.

   Azkenik, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu du Euskadiren garrantzia ulertzeko, "Estatuan eta Europan duen lekuari" erreparatu behar zaiola.